Sarrionandiaren estrategiak

Idazlearentzat itzulpena «sorkuntzarako beste baliabide bat» dela azaltzen duen tesia aurkeztu du Aiora Jakak

Aiora Jakak Bilbon aurkeztu zuen, atzo, Joseba Sarrionandiaren itzulpenei buruzko tesia. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Joseba Sarrionandiak euskal literaturara «itzulpena ulertzeko, definitzeko eta gauzatzeko modu berritzaile bat» ekarri duela erakutsi du Aiora Jakak, Euskaltzaindiaren Iker bildumaren barruan argitara emandako liburuan, hots, Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan obra mardulean.

Jakak esan duenez, sorkuntzarako beste baliabide bat da Sarrionandiarentzat itzulpena. «Behin eta berriz azpimarratu du fideltasuna ez dela bere irizpide nagusia, uste duelako ezinezkoa dela testu batekiko fidela izatea. Hala, testu bat itzultzean, nahitaez gai berberari buruzko testu desberdin bi izango ditugula uste du».

Aldiz, Sarrionandia baino lehenagoko itzultzaile gehienek oso bestela pentsatzen zutela gogorarazi du Jakak. «Itzultzea zen erreproduzitzea, eduki finko eta aldaezin bat beste hizkuntza batera transferitzea. Fideltasuna zen haien irizpide nagusia».

Sarrionandiak diskurtso hori eten zuela esplikatu du Jakak, ia 500 orrialdeko tesian. Literatur ikerlariaren iritziz, Sarrionandia berritzailea da ez soilik itzulpena ulertzeko moduan. «Itzuliko duen obra aukeratzeko baliatzen duen irizpidea ere apurtzailea da», Jakaren arabera. «Haren aurrekoek, erlijio testuez gain, Mendebaldeko tradizioko testu kanonikoak itzuli zituzten, batez ere. Sarrionandia Europako zirkulu itxi horretatik atera da. Eta bost kontinenteetara joan da testuen bila». Horrenbestez, «literatura handietan ezagunak diren autoreekin batera, literatura txiki eta ezezagunetako testu anonimoak nahiz autore madarikatu eta bazterrekoak itzuli ditu».

Jakak argi du: «Munduko literaturaren beste bertsio bat eskaini nahi die Sarrionandiak euskal irakurleei».

Itzulpena egiteko Sarrionandiak baliatzen duen modua, halaber, «berritzailea» dela azaldu du Jakak: «Apokrifoen erabilera da horren adibidea. Hau da, bere itzulpen antologietan berak sortutako testuak tartekatzen ditu. Horrelako estrategiekin saiatzen da erakusten testu itzuliek eta sorkuntzazkoek antzeko ezaugarriak dituztela». Autore-itzultzaile bereizketa zurruna higatzeko xedea du idazleak.

Mo Yanen ipuin bilduma bat

Horretarako aukera izango du Jakak berak ere. Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen eta Elkar argitaletxearen Jokin Zaitegi lehiaketa irabazi du Maialen Marinekin batera; eta ondorioz, Mo Yan azkeneko Nobel saridunaren ipuin bilduma bat itzuliko dute txineratik euskarara. Urtea amaitu aitzin aterako du Elkarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.