Galdakaon 32 urteko langile bat hil da, kamioi batek jota

Eguiluz y Ercilla garraio enpresari istripuaren inguruko informazioa ezkutatzea leporatu dio CCOO sindikatuak

2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Atzo goizaldean langile bat hil zen Galdakaoko Erletxeta industrialdean (Bizkaia), Eguiluz y Ercilla garraio enpresan. Ezbeharra 04:00ak aldera izan zela jakinarazi zuen Ertzaintzak, eta balitekeela «maniobra oker bat» egin zuen kamioi batengatik gertatu izana. Itxura denez, kargatzeko eta deskargatzeko maniobrak egiten ari zen tonaje handiko kamioi batek jo zuen behargina, eta kolpeak zauri larriak eragin zizkion hari. Osakidetzako eta DYAko langileek ezin izan zuten ezer egin gizona salbatzeko, eta istripuaren lekuan bertan hil zen. Langileak 32 urte zituen, eta Galdakaokoa zen. Emaztea eta bi urteko alaba bat utzi ditu.

Ertzaintzak ez zuen jakitera eman istripua zein enpresatan gertatu zen; Euskadiko CCOOk bai, ordea. Gertatutakoa salatzeko kaleratutako prentsa ohar batean, Eguiluz y Ercilla garraio enpresari istripuaren inguruko datuak ezkutatzea leporatu zion, eta haren jarrera gaitzetsi zuen sindikatuak. «Enpresa horretan sindikatuek ez dute ordezkaritzarik, eta horrek hartu duen jarrera hartzea erraztu dio Eguiluz y Ercillari». CCOOren esanetan, administrazioei eta sindikatuei istripuaren arrazoiak argitzeko behar-beharrezko informazioa ukatu die Galdakaoko enpresak.

«Langilearen heriotza eragin duen ezbeharra salatzeko, Administrazioari istripuak argitzeko ahalegin handiagoa egin dezala eskatzeko eta enpresaburuei lan arriskuei aurrea hartzeko neurri gehiago eta hobeak har ditzatela exijitzeko, CCOOk elkarretaratzera deitu du biharko. Bilkura Bilbon egingo dute, Cebek patronalaren eta Lan Ikuskaritzaren egoitzen parean (Kale Nagusia, 50), 11:00etan.

ELAk ere hildakoaren senide eta lagunei elkartasuna adierazi eta gertatutakoa gaitzetsi zuen. «Enpresek lehentasuna irabazi ekonomikoei eta produktibitateari ematen dieten bitartean, langileen bizitza, laneko segurtasuna eta laneko osasuna gutxietsita bigarren maila batean geratuko dira». Administrazioaren «pasibotasuna» salatu du, laneko segurtasunaren esparruan edozein eratako irregulartasunak onartzeak zigorgabetasun osoz jarduteko bidea ematen diolako patronalari. Halaber, jakinarazi zuenatzo protesta moduan lan egiteari uko egin ziotela hildakoaren lankideek eta Eguiluz y Ercillako ekoizpena geldiarazi zutela. Datozen egunetan mobilizazioren bat egitea aztertzen ari direla ere aurreratu zuen, baina ez zuen ezer zehaztu.

Mutualitateen kontra

Kontingentzia arruntak kudeatzeko mutualitateen zerbitzuak kontratatzearen kontra azaldu zen atzo Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia. Zerbitzu pribatu horiek alde batera utzi eta sistema publikoa erabiltzeko eskatu zien enpresei, «mutualitateak patronalaren negozio bat gehiago direlako». Muñozen esanetan, enpresen erdiek kontingentzia arruntak mutualitateekin dauzkate hitzartuta. Haien praktika «gaiztoak» salatzeko eta osasun zerbitzu publikoak defendatzeko kanpain bat hasiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.