Albanian, protestak gogortzea erabaki du oposizioak

Gobernuaren kontrako protestetan Poliziak tiroz zauritutako ekintzaile bat hil da, eta jada lau dira hildakoak

2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 21ean Albaniako Gobernuaren kontrako protestetan zauritutako lagun bat hil zen atzo: Aleks Nikaj 34 urteko albaniarra. Horrenbestez, dagoeneko lau dira Albaniako segurtasun indarrek tirokatuta hil diren ekintzaileak.

Aleks Nikaj Turkiako hiriburuko erietxe batean zegoen iragan hilaren 29tik. Haren familiakoek prentsari jakinarazi diotenez, Tiranako ospitale batetik Istanbulgo beste batera eraman zuten gaztea, mediku laguntza espezializatua jasotzera, buruan jasotako tiroak larri utzi zuelako.

Urtarrilaren 21ean, oposizioan dagoen alderdi sozialistaren deiari erantzunez, milaka albaniar atera ziren kalera Sali Berisha lehen ministroaren dimisioa eskatzera. Ustel jokatzea eta azken hauteskundeetako emaitzak manipulatzea leporatzen diote Berishari. Gobernu eraikina babesten ari ziren poliziei harriekin, ur botilekin eta makilekin eraso zieten manifestariek. Eta haiek negarra eragiteko gasekin, ur kanoiekin, bonbekin eta tiroekin erantzun zieten.

Hildako lau ekintzaileek tiro bana jaso zuten protestetan parte hartzen ari zirenean. Eta, itxura denez, tiroak gobernu eraikinaren barrutik egin zituzten. Hala, giza hilketa delitua leporatuta, Poliziako sei goi kargudun atxilotzeko agindu eman du Albaniako Fiskaltzak, tartean Poliziako komandantea eta Berisharen bizkartzain ohia. Poliziak, ordea, uko egin dio Fiskaltzaren agindua betetzeari.

Berishak, berriz, lau soldata adinako saria eskaini die poliziei, egun hartan «erakundeak babesteko egindako lan bikainagatik». Lehen ministroaren arabera, sozialistek estatu kolpea emateko asmoa zuten urtarrilaren 21ean,eta Poliziak egindako lanak galarazi zien asmoa betetzea. Sozialistek goitik behera gezurtatu dute lehen ministroak esandakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.