Arteak denborari irabazitako guda bat

Harrera ona izan du 'Henry Bengoa Inventarium'-en emanaldiak Hendaian. Duela 26 urte Ruper Ordorikarekin egin zutena Xabi Strubellekin egin dute orain Bernardo Atxagak eta Joxemari Iturraldek.

Juan Luis Zabala
Hendaia
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ruper Ordorika eta Alberto eta Nando de la Casa anaien ordez, Xabi Strubell gitarra akustikoarekin; zigarretei zerien kearen ordez, teknikariek agertokian barreiatutakoa; eta amaieran, addenda gisa, lau testu berri: Joxemari Iturralderen hiru ipuinlabur eta Bernardo Atxagaren aitormen bat. Aldaketa horiek alde batera utzita, duela 26 urteko Henry Bengoa Inventarium bera eman zuten Atxagak eta Iturraldek herenegun arratsean Hendaiako Varietes antzoki 300 lagun inguruk ia-ia betean, herri bereko Mugati elkarteak antolatutako emanaldian. Ikusleen artean, duela mende laurden Henry Bengoa Inventarium ezagutu eta oso gogoan zutenak zeuden, baina baita garai hartan haur txikiak zirenak ere. Batzuek zein besteek harrera ona egin zioten eskainitakoari.

Guillaume Apollinaireren poema errezitaldi baten grabazioarekin hasi zen emanaldia, Iturraldek ahots lodi eta sendoz aurkezpena egin aurretik: «Henry Bengoa: lagun galdu baten bila». Ordorikaren Antzinako lekuetan kantatu zuen gero Strubellek, gitarra akustikoa lagun, oso bertsio pertsonalean. Atxaga mintzatu zen gero, trama nagusiaren engranajeak martxan jarriz: «Nolaz eta bi hilabete bageneramatzan hire berririk gabe / guk hire lagunok Hamburgora joatea erabaki genian…».

Laster jabetu ziren haren adiskideak Henry Bengoa ezkutatuta zegoela Hanburgotik, «lehenago gure artetikan bezala». Eta Bengoa bizi izan zen etxearen jabeak, hark utzitako zorrak ordaintzeko eskatzeaz gain, haren gauzen inbentarioa egiteko eskatu zienean zerbait hautsi zitzaien bihotzean, kra!

Lagun galduaren misterioa argitzeko ahalegin antzuek utzitako arrasto bakanak erakutsi ondoren, testu berriak irakurri zituzten. Zortearen erlatibotasunaz egin zuen gogoeta Iturraldek bere ipuin berrietako batean, Zorte txar, zorte on izenekoan. Atxagak, berriz, garai batean gai nagusien atzetik korrika ibiltzen bazen ere, orain gai nagusiak atzetik korrika datozkiola aitortu zuen bere testu berrian, eta omenezko hitzak izan zituen Bixente Ameztoi pintore adiskide duela hamar urte zenduari.

Urteak ez dira debalde pasatzen, eta duela 26 urte emanaldi guztiz ezohiko eta ausarta zenak oso bestelako publikoa aurkitu zuen Hendaian, gisa guztietako hibridoetara ohituagoa. Ikuskizunak ondo eutsi zion hala ere publikoa erne eta atezuan izateko erronkari. Jakinekoa da denborak gerra guztiak irabazten dituela azkenerako, baina arteak guda bat edo beste irabazten dio noizean behin.

Emanaldiariburuzkobideoa hemen:

www.berria.info.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.