Zeluloidezko hiri batentzako sinfonia

Diotenez, inork ez zuen espero 'Bai ri yan huo' filmak urrea Berlingoa irabaztea, baina gutxi batzuek izan genuen susmoa ikusi bezain fite, Diao Yinanek hamaika azal dituen ipuin ilun, malapartatu, mozkor, izoztu, beltz eta triste bat burutu baitu.

Diao Yinanek irabazi du Urrezko Hartza Bai ri yan huo filmarekin.
begona del teso
Berlin
2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gaurko eta biharko munduaren, gizadiaren eta zinemaren berri zehatz, eder, tematsu, salatari, konplize, kezkati, borrokalari, pentsakor eta/edo dudatsu ematen duten lanez idatzi aurretik, aipa ditzagun bi artelan aspaldiko, non egungo eta etorkizuneko errealitate gurea iragartzen baitzen. Argi ta garbi.Era eder eta izugarri batez. Biek egin zituzten dir-dir estrainioak 2014ko Berlinalen. Biek eman zuten esateko, eztabaidatzeko, harridurarako franko. Bien inguruan, bien aitzakia, biei esker izan ziren emanaldi ikusgarriak eta mintegi sakonak. Bata, 1920an zen eginda. Bestea, 1927an. Batak Das Cabinet des Dr Caligari zuen eta izango du izena. Besteak, Berlin. Die Sinfonie der Grosstadt deituko da orain eta beti. Robert Wienek zuzendu zuen lehendabizikoa, baina Ernst Kunstmanek sortu zuen bere argilun oro. Bigarrenak Walter Rutmanen sinadura darama, bainaKarl Freundek erabili zuen egun ere berdinezina den kamera.

Lehenaren emanaldia ez zen zinema areto ohiko batean izan,baizik eta Berliner Philarmoniker aretoan, non Berlingo orkestrarik izen onenarenak duen aterpe. Non haize tresna handi batek —Karl Shucke organoak, hots— irudiak lagundu zituen. Mantso eta ikaragarri. Bigarrenak, parekorik ez duen beste leku batean, piano batek lagundua ikusi genuen: Unter den Linden zumardiaren kasik ondoan den Zeughaus Kinon, izan ere. Biak, hain aspaldikoak, horren egungoak, izan ziren, zin degizuet, Berlinale aurtengoaren programazioan zeuden film guztiek inbidiaz, jelosiaz, miresmenez, inspirazioz hartuak. Baita Wes Andersonen marabillak, Grand Budapest Hotel- ek ere. Eta baita Richard Linklaterren esfortzu paregabea den Boyhood-ek ere. Claudia Llosaren Aloft ahaztu barik. Are gutxiago denon harridurarako, denon pozerako zinemari ate, bide berriak ireki izanagatik Alfred Bauer sari estima handikoa jaso zuen Aimer, boire, chanter lanak, 92 urte dituen Alain Resnais maisu hilezinak sinatua!

Donaldek baietz; irudiek ezetz

Berlinek markatzen du Berlinaleren izana. Berlinek badaki, beti jakin izan du bizirik irauten, bere burua berpizten, nahiz eta askotan eraila izan; nahiz eta beste batzuetan bere buruaz beste egiten saiatu izan. Horregatik, han ezer ez da ezinezkoa. Ehunka, milaka sarrera saldu egin dira. Saldu eta erosi. Barik geratu zirenek eskale moduanerreguka galdetzen zizuten: «Sarrerarik sobran, otoi?». Izkinetan. Eta zuk ezezkoa. Penaz, ederki ulertzen baitzenuen eskale horren larrialdi eta grina.

Aretoetan leku libre bat bera ere ez, eta emanaldiaren ondorengo hitz-aspertuetan —filmen egileak bertan zirelarik— hamaika hausnarketa fin. Etsenplurako: Errol Morris Haus von der Berliner Festspiele areto preziatuan The Unknown Known bere lana komentatuz. Bertan, Ameriketako Estatu Batuetako defentsa idazkari izan zen Donald Rumsfeld bere burua zuritzen baino gehiago, argitzen saiatzen da, irudiek, artxiboek eta gaur egun dakigun orok berak pentsatzen duen guztia kontraesanetan jartzen baduten ere, baduten heinean, badutelako inkluso. Gogoratu arren, Rumsfeld jauna boterean zegoela Irailaren 11n eta baita Irak inbaditu zutelarik ere.

12 urtez kamerapean

Berlin hiriak are urrutiago, are altuago, are sakonago, are arriskutsuago jotzen dutenak ditu maite. Horregatik, Richard Linklaterrek eta bere lagunarteak (a zernolako kuadrilla bertan Patricia Arquette eta Ethan Hawke daudelarik!) hartutako erronka txaloz, sariz eta bravo-ka jaso zuen.

Boyhood du izenburu. Pantailan agertzen direnek 12 urte eman dute kamera aurrean. Zer dira ba? Gran hermano amaigabe bateko kideak, ala? Ezta pentsatu ere. Umetan ezagutzen dugun mutil baten bitartez, ondoan, konpainian denbora nola pasatzen, bizitza nola pausatzen edo azkartzen den eta garaiak nola aldatzen diren sumatzen dugu gure barre-barrenetan. 12 urtez filmaturiko film horrek 160 minutu dirau. Harrigarriak denak. Mingarriak guztiak. Osasungarria oro. Guretzat, Zinemarako.

Berlin. Berlinale. Bila ezazue, desesperoz, esperantzaz, inon Jack izeneko lana. Edward Bergek egina, Hansel eta Gretelen ipuina dirudi. Dirudi eta da. Gaur egungoa. Aspaldiko hura bezain triste eta iluna. Bi haurrek Berlin hiria zeharkatzen dute amaren bila modu desesperatuan. Urte askoren buruan goian aipaturiko bi klasiko horien antzera, film hori hiri honen ikurra bilakatuko da. Benetan. Auf wiedersehen, Berlin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.