Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Itzuliaren truke

2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Vulfpeck izeneko soul-pop talde iparramerikarrak 20.000 dolarreko dirusaria jaso du berriki ia ezerezen truke. Horretarako, taldeak enbidoa luzatu dio streaming bidezko iraultza lau haizeetara zabaldu zuen Spotify plataforma digital suediar ezagun, erabiltzeen iritziz erabilgarri eta musikari anitzen iritziz kritikagarriari: musikarik gordetzen ez duen disko isila asmatu —estrategikoki Sleepify izenez—, plataforman zintzilikatu eta jarraitzaileei konpultsiboki erreproduzitzeko eskatu zien. Erreprodukzio bakoitzeko 0,007 dolar ordaintzen dizkio artistari Spotifyk; beraz, disko mutua 3 miloi aldiz errepikatzea lortu zuen talde amerikarrak, betiere beren bira berria martxan jartzeko diru nahikoa lortzeko helburuarekin. Spotifyk segidan erretiratu du diskoa, ez dituela euren arauak betetzen argudiatuz. Baina Spotify klub pribatua dela onartuta, zalantza sortu zait klubeko arduradunak benetan kezkatzen dituena ez ote den musikariek egindako erabilera interesatuak azaleratutako arazoa, eta ez hainbertze arauak ez betetzea.

Onar dezagun: joaldi bakoitzeko 0.007 dolarrekin biziko den musikaririk ez da existitzen oraindik (lehen) munduan. Hala ere, eskuragarritasuna aitzakia gisara hartuz eta sare sozialek errepikatzen diguten mezu gaiztoa amu gisara erabiliz —«hemen ez bazaude, ez zara existitzen»; «ez baduzu Spotifyrik, ez zara musikazalea»—, Spotifyk milioika musika gehitu ditu bere katalogoan. Batzuk guztiz legalki, bertzeak ez ikusiarena eginez.

Ez genuke ahantzi behar Spotifyren helburua bazkideek ahalik eta klik gehien egitea dela. Musika, helburua baino gehiago, medioa da. Baina erosoa da, eta hori du arrakastaren sekretua. Etxetik mugitu beharrik gabe, tarifa bat ez den bertze inolako erantzukizunik eskatzen ez duen zerbitzua eskaintzen du.

Sare sozialak justifikatzeko zaleenganako komunikazio zuzena arrazoi gisara erabiltzen den garaiotan, musikazaleok (egile eta ekoizleek barne) serioski pentsatu beharko genuke ea hori ote den amesten dugun entzulearen profila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.