Mehatxu «faxistarik» ez duela onartuko esan du Baztango Batzar Nagusiak

Ikurrina erabiltzera deitu ditu baztandarrak Baztan eta Elizondoko alkateek jasotako erasoei erantzuteko

K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Nazionalista Nafarren Elkarteak bi heriotza mehatxu egin dizkie Garbiñe Elizegi Baztango alkateari eta Mikel Sobrino Elizondoko zinpeko alkateari, azken asteetan Baztango udaletxera bidalitako bi eskutitzen bidez. Jasotako lehen gutuna uztailaren 19an zigilatu zuten, eta bigarren heriotza mehatxua herenegun heldu zitzaien. Biek ala biek helburu bera dute: heriotza mehatxuak egiten dizkiete Elizegiri eta Sobrinori, eta Baztango Udalari exijitzen diote ikurrina kentzeko eta Espainiako bandera jartzeko. Taldeak azken agirian dioenez, abuztuaren 26aren aurretik baldintza horiek bete ezean, eraso egingo die bi alkateei. Eraso horiei erantzuteko asmoz, Baztango Batzar Nagusiak prentsaurrekoa egin zuen atzo, eta eraso «faxistak» onartuko ez dituela adierazi zuen. Bide beretik, mehatxuak arbuiatzeko asmoz, ikurrina jartzeko deia egin zien baztandarrei.

«Mehatxu hauek onartezinak dira», esan zuen Garbiñe Elizegik. «Herriaren aurkakoak» dira, haren ustetan, baita «baztandar gehienen kontrakoak ere». Bestalde, ikurrinari buruz hitz egin zuten batzarkideek prentsaurrekoan. Argi utzi zuten ikurrina erabiltzen jarraituko dutela. «Ikurrina Euskal Herriko ikurretako bat da», esan zuen Elizegik. Gainera, baztandar «gehienek» herriko ikur moduan hartzen dutela zehaztu zuen. Bide beretik, Nafarroako Gobernuarekin kexu azaldu ziren, eta gogora ekarri zuten ikurrina debekatu nahi duela. Espainiako bandera «arrotza» eta «iraingarria» dela salatu eta ez dutela jarriko adierazi zuten atzo eskainitako agerraldian.

Batzarkideek Nazionalista Nafarren Elkarteari ohartarazi zioten jarrera «faxistarik» ez dutela onartuko. «Eraso horien aurka, indar handiagoarekin ariko gara faxismorik gabeko herri bat eraikitzen», esan zuten agerraldiaren bukaeran.

Testuinguruaren ondorioa

Bi gutun horiez gain, mehatxuzko mezu elektroniko bat ere jaso zuten udaletxean. EH Bilduk ohar baten bidez salatu zituen gertakari horiek, eta «oso larriak» direla azpimarratu zuen. Modu berean, testuinguru politikoaren ondoriotzat jo zituen. «Ez dira gertakari bakanak». «Espainia, UPN eta PP alderdia EH Bildu eta sektore subiranisten aurka elikatzen ari diren jazarpen politikaren ondorio dira», argitu zuen. «Ez gaituzte makurraraziko», aldarrikatu zuen erasoei erantzunez. Bilduk adierazi zuenez, herritarrekin duen konpromisoarekin «aurrera» jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.