Donostiako Arrantzale Kofradia itxi egingo dute, gastuei aurre egin ezinda

Kofradiakoek salatu dute aurreko Jaurlaritzak ez duela bete kaia berregituratzeko konpromisoa

Hainbat langile Donostiako kaian lanean, artxiboko irudi batean. J. C. RUIZ / ARP.
Maite Alustiza.
Donostia
2012ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Urtea amaitzearekin batera bukatuko da Donostiako Arrantzale Kofradiaren eguneroko jarduna. Ez dira esperotako proiektuak garatu, diru sarrerak gutxitu egin dira eta ezin die orain dituen azpiegiturei eutsi. Horregatik, itxi egingo dute hilaren 31n. Itxiera, ordea, «behin-behinekoa» izatea espero dute, eta, hori horrela izan dadin, lanean jarraituko dute kofradiako kideek, Gipuzkoako Kofradien Federazioaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin.

Patxi Lopezen gobernuak izandako jokaera salatu zuten atzo guztiek, aho batez. Haien arabera, duela bi urte Jaurlaritzak kaia berregituratzeko konpromisoa hartu zuen, baina ez du esandako ezer egin, eta agindutakoak ezerezean geratu dira. «Ez dute hitza bete, engainatu egin gaituzte behin eta berriro; oso haserre gaude», azaldu du Iñaki Arbide Donostiako kofradiako idazkariak.

Proiektu horren barruan bi ardatz nagusi zeuden. Batetik, azpiegiturak gaur egun dituzten ontzi kopurura egokituko lituzkete, kostuak gutxituz —zortzi ontzi dituzte, eta 50 bat langile—. Bestetik, sektorearen dibertsifikazioa sustatzearen alde egingo lukete. Bestelako diru iturri batzuk izateaz gain, sektoreari lotutako eskaintza zabaltzea zen asmoa —interpretazio zentro bat irekitzea, besteak beste—. Berregituraketarako, bost milioi euroko inbertsioa ziurtatu zuen Jaurlaritzak, Arbidek jakinarazi duenez. Proiektu hori gauzatuta, sektoreak «bizirik» iraungo lukeela uste dute, eta ziur daude «aberastasuna» ekarriko lukeela, bai Donostiara eta bai Gipuzkoara ere. Europari begira ere garrantzitsua izango litzateke, Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariaren arabera: «Arrantza sektorearen dibertsifikazioaren aldekoapustua egiten ari dira Europatik, eta guk olatu hori har genezake».

Astelehenean kofradia itxiko badute ere, ez dira besoak gurutzatuta geratuko. Iñigo Urkulluren gobernuarekin harremanetan jarriko dira, eta premiazko bilera eskatuko diote, irtenbide bila. «Gauzek asko aldatu beharko dute, kofradia irekita eduki ahal izateko», ohartarazi du Arbidek.

Bien bitartean, Donostiakoportua itsasontzien basea izango dira aurrerantzean ere, administrazio zerbitzuak handik eraman egingo dituzte, baina barkuek ezingo dute arrantzatutakoa han saldu; beraz, beste porturen batera joan beharko dute.

Udala, bitartekari

Jaurlaritzaren eta kofradiaren arteko harremanean, Donostiako Udaleko ordezkariak tartean izan dira, bai 2010eko abenduan hitzezko akordioa lortu zutenean eta bai orain ere. Juan Karlos Izagirre alkateak babesa agertu die kofradiako kideei, eta prest agertu da Jaurlaritzarekin negoziazio mahai batean esertzeko. Ezinbestekotzat jo du Izagirrek lehen sektoreari bizirik iraunaraztea, eta gogorarazi du sektorearen pisua arlo ekonomikotik haratago doala. Herri bati «nortasuna» emateaz gain, kultura alorrean ere garrantzi handikoa dela uste du; turismoari begira, gehienbat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.