Zorraren zati handi bat pagatu eta galerak erdira murriztu ditu Eroskik

Eroski taldeak 36 milioi euro galdu ditu, %44 gutxiago; kooperatibak 42 milioi irabazi ditu, %40 gutxiago

Donostia
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Irabazietara itzultzeko bidean urrats garrantzitsua egin du Eroski banaketa taldeak. Zorrari koska handi bat jan dio, 291 milioi eurokoa. Azken hiru urteetan, 1.000 milioitik gora itzultzea lortu du taldeak. Hala, dagoeneko pagatu du hainbat inbertsio eta erosketen ondorioz pilatutako zorraren herena.

Aparteko ahalegin horrek, noski, eragina izan du 2011ko emaitzetan —Eroskirentzat urtarrilaren 31n bukatu zen zerga urtea—. Eta galerekin bukatu du urtea. Baina 2010ean baino %44 gutxiago galdu du, 36 milioi euro. Kontuan hartzekoa da 113 milioi euro bere aktiboek izan duten balio galera konpentsatzera bideratu behar izan dituela. Taldearen enpresa nagusiak, Eroski kooperatibak, berriz, 42 milioi irabazi ditu, urtebete aurretik baino %40 gutxiago.

Agustin Markaide taldeko zuzendari nagusiak ontzat eman ditu emaitzak. Nabarmendu du testuinguru zailean lehiatzen ari direla, bezeroen portaera eta supermerkatu eta hipermerkatu eredua izugarri aldatzen ari direlako. Baina, hala ere, aurrerapauso garrantzitsuak egin dituztela aurreko ekitaldirako ezarritako helburuetan. «Ekitaldiaren balantzea ona izan da. Zorra nabarmen murriztu dugu, prozesuan eraginkortasun handiagoari lortzeari eta aktiboak saltzeari esker». Hain zuzen, taldeak 94 milioi euro murriztu ditu kostu operatiboak, %4,7 aurreko urtearekin alderatuta.

Markaideren arabera, taldeak merkatu kuota handitzea lortu du negozio nagusi guztietan. Salmentetan, baina, %3,2ko jaitsiera izan du, 6.639 milioi eurora arte, bezeroek gehien eskatzen dituzten produktuetan egindako eskaintzengatik eta sare komertziala txikitzeagatik. Kopuru horietan ez ditu sartu taldeak Ipar Euskal Herrian eta Frantzian zuen jarduerari dagozkion datuak, saltoki guztiak Intermarcheri saldu zizkiolako iazko urtearen bukaeran.

4.000 bazkide gehiago

Eroskiren arabera, iaz, 2010ean baino bezero gehiago sartu ziren bere saltokietara, %1 gehiago, hain zuzen. Haietako bakoitzak, ordea, diru gutxiago gastatu zuen erosketak egiterakoan. Iaz ere, Eroskiren marka zuriek presentzia nabarmena izan zuten taldeko supermerkatu eta hipermerkatuetako baldetan. Elikagaietan, eskainitako erreferentzien %32 marka horretakoak izan ziren, 2010ean adina.

Eroskik 40.555 laguneko langile taldearekin bukatu du urtea, horietatik 13.772 bazkide-jabeak ere badira, gainera. Markaiderenesanetan, «4.000 pertsona gehiagok erabaki dute taldearen barruko bi kooperatiba berriren bazkide kooperatibista bihurtzea. Etorkizunean izan nahi dugun enpresa eredura hurbiltzen gaituen pauso bat da».

Eroskiren sare komertziala 2.207 establezimenduk osatzen dute, iaz 58 ireki eta 113 itxi edota eskualdatu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.