Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Londresko basatiak

2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
The Savages Londresko neska laukote bat da, eta aurten plazaratu du bere lehen diskoa. Gaztetasunaren adorez betetako post-punk doinu zirraragarriak jotzen dituzten arren, ez dago munduko talde moderno edo originalena dela esaterik. Baina beren webgunean azaltzen duten manifestoa irakurrita eta beren jardueraren inguruan duten konpromiso maila ikusita, benetan aipagarriak eta interesgarriak diren aspektuak daudela iruditzen zait.

Itzulpen sorta txiki bat eginez, zera diote: «Savagesek auto-baieztapenaren ahotsa nahi du izan. Musika zuzena, efikaza eta zirraragarriaizan daitekeela erakutsi nahi dugu. Gure mundu modernoan, beldurrak eragindako manipulazioaz, praktikotasunaren izenean, irudimena baztertu dugu. Artea zaharkituta dago, eta maitasuna pribilegio bihurtu da. Arrakastatsu izateko ahoa itxita mantentzea gomendatzen digute». «Barruan aspaldian lurperatu zenuen zerbaiti deitzen saiatzen gara… Norberaren asmoak eta desirak ulertzeko ausardia eragin nahi dugu»

«Zarata etengabeko distrakzioa da / komenigarri diren gauzetara zuzentzen du zure atentzioa / eta zeure buruaz arduratzeaz ahazten duzu / Estimulu ugariko garaian bizi gara / Konzentratuta baldin bazaude, zailagoa da zuregana iristea / Distraituta baldin bazaude, erabilgarria zara».

Horrek guztiak naif puntu bat baduela ez dago ukatzerik, baina sineskortasunik gabe ez dago gauzak aldatzerik, edo saiatzerik behintzat. Azken urteetan egoera politikoaren nazkaz sortu diren hainbat protesta mugimenduren ahots musikala zein izan daitekeen galdetzen dutenei, garai batean The Clash edo Public Enemy moduko taldeek hartzen zuten geopolitika kronista eta analista tankerako paper hura jarraituko duenik ez dagoela esango nieke. Ezta beharrik ere, gaurko errebolta norberaren barrurantz begiratzea eta helburu finko eta eskuragarrietan zentratzea da. Pausoz pauso, atentzioa galdu gabe, etengabeko eztabaida antzuei eta eskaintza faltsuen zaratari jaramonik egin gabe, Savagesek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.