11 kilo konfiantza

Mikel Urrutikoetxeak gorputzaren bilakaerari eta lan gogorrari zor dio hobekuntza fisikoa. Gimnasioan eta pistetan orduak eman ditu, eta iazko buruz burukotik hona aurrerapausoa eman duela sumatu du.

Mikel Urrutikoetxea, Zaratamon, jaioterrian. Pilotalekua ageria da haren atzean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gihartsuago ageri da. 2009an debutatu zueneko hanka eta beso mehar haiek puztu egin dira. Orduko oroitzapena Asegarcek lau urtez berritu gabeko webguneko fitxan bakarrik agertzen dira. Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, Bizkaia, 1989): 1,88 metro luze eta 68 kilo. «Ez, ez... hori aldatu da», zehaztu du, lotsatuko balitz bezala: «Orain 79 kilo pisatzen dut, 11 kilo gehiago. Gorputzaren bilakaera pixka bat berandutu zitzaidan, eta orain ari naiz zabaltzen. Gainera, lan fisikoa egiten ari naiz, eta horren fruitua da». Medikuek esan diote 83 ingurura arte iritsi behar duela.

Profesionaletako lehen urteetan hasitako lan fisikoa azken bost hilabeteetan findu du. Iurretan egiten du (Bizkaia), Josetxo Areitioren esanetara, eta Asegarceko beste pilotari bizkaitarrekin. Urrutikoetxearen azken negua luzea izan da, eta asko ibili da handik. Lehen eta Bigarren Mailakoetatik kanpo —hiru ordezkapen egin ditu Bigarren Mailakoan—, partida gutxi jokatu ditu. «Duela urte batzuk arte gimnasio bat zapaldu gabea nintzen, baina azkenaldi honetan karga sartzen hasi gara. Gu pilotari profesionalak gara, eta jokatzea gustatzen zaigu beste ezer baino gehiago. Hala ere, partida gutxi dauden uneak baliatzen ere jakin behar da, gogorrago entrenatzeko».

Eta horretan pasa ditu azken hilabeteak, besteak beste, buruz burukoa prestatzeko. «Iaz ondo ekin zion Gonzalezen aurkako partidari [16-6], baina erdi aldetik aurrera beherakada fisikoa izan nuen [16-22]. Hor egon zen gakoa». Oroitzapen hura grabatua gelditu zitzaion disko gogorrean, eta lan fisikorako motibazio izan zen. «Ordu asko eman ditut, eta fruitua eman dutela uste dut».

Zer fruitu? Yves Salaberri Xala-ren aurka iragan astean jokaturiko partidan ikusi zen. «Fisiko aldetik ikusi nuen ondoen neure burua», aitortu du. «Azken txanpan fresko nengoen. Erdi aldera izan nuen txakalaldia, baina buelta eman nion, eta 17nakotik aurrera nire maila eman ahal izan nuen». Xalak, gainera, partida ona jokatu zuen. Urrutikoetxeak ez du ezkutatu irabazteak egin dion mesedea. «Horrelako garaipen batek konfiantza ematen dizu. Xala beti hor goian egon den pilotari bat da, Irujo eta Olaizolarekin, txapeldun izandakoa da... Horrelako pauso bat behar nuen».

Beharra hitza erabili du, debuta egin zuenetik Urrutikoetxeak buruz buru egin zezakeenak ikusmin handia sortu duelako. Aurreko bi urteetan, halere, ez du bide luzerik egin. «Ez diot presio berezirik sartzen neure buruari. Buruz burukoan pilotari handiak daude, eta ez da erraza irabaztea». Xalaren aurka irabazi ondoren Areitio eta Pablo Berasaluzerekin hitz egindakoek lagundu diotela dio. Azken egunetan maiz joan da min hartuta dagoen laguna bisitatzera. «Tira, hitz egin genuen pilotaz, baina beti ez da lortzen hitz egindakoa pilotalekuan egitea. Nik harreman estua dut Pablorekin, eta asko hitz egiten dut harekin. Asko lagundu dit, eta asko diot eskertzeko».

Etzi ez du izango botillero Berasaluze II.a, Bilbon, Mikel Idoateren aurka jokatuko duen final-laurdenetako partidan. «Oraindik ez, ez dakit ere pilotalekura joango den, baina ziur nago ikusten duen tokitik ikusten duela sufritzen egongo dela».

Eta Idoateri buruz? Xalaren «antz handia» duela azpimarratu du. «Manomanista petoa da, hor baldin badago, zerbaitegatik da.Baina nik nire jokoa ondo egiten badut, irabazteko aukera izango dut, ziur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.