Kechiche, Kore-Eda eta Payne dira Urrezko Palma irabazteko faboritoak

Polanski eta Jarmushen filmak eman zituzten atzo, eta gaur banatuko dituzte sariak Cannesko zinema jaialdian

Agentziak
Cannes
2013ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Roman Polanskiren La Vénus á la fourrure eta Jim Jarmuschen Only Lovers Left Alive filmen emanaldiarekin amaitu ziren atzo Cannesko zinema jaialdiko Sail Ofizialeko lehiaketako filmen emanaldiak, ezusteko handirik gabe, atzoko bi filmak ez baitaude Urrezko Lehoia irabazteko hautagai nagusien artean. Abdellatif Kechicheren La vie d'Adéle, Kirokazu Kore-Edaren Tel père, tel fils eta Alexander Payneren Nebraska dira, kritikari gehienen ustez bederen, gaurko sari banaketako ekitaldian nabarmentzeko aukera handiena duten filmak.

Kechicheren filmeko sexu eszena luzeek harridura handia eta zer esan ugari eragin dute Cannesko ikusleen eta aditu profesionalen artean. Paolo Sorrentinoren La grande bellezza filmeko estetizismoak, Jia Zhangkeren A Touch of Sin-eko gogorkeria sozialak, Asghar Farhadiren Le passé-ko istorioaren sakontasunak eta Coen anaien Inside Llewyn Davis-en intimismoak ere aldeko komentario ugari jaso dituzte.

Polanskik atzo aurkeztutako filmak, aldiz, ez du harrera berorik izan. Gainera, haren adierazpenek polemika handia eragin dute. «Generoak berdintzen saiatzen gara, baina hori ergelkeria bat da», esan zuen Polanskik. «Uste dut penagarria dela emakume bati loreak ematea itxura txarreko zerbait bihurtu izana». Antisorgailuen erabilerak egungo emakumea «maskulinizatu» egin duela uste du zuzendariak, eta «zoritxarrez» badirela «maitasun istorio erromantikoak gure bizitzetatik urruntzen dituzten beste elementu batzuk». Giro itxiko obra da Polanskirena: bi aktorerekin filmatu du —Emmanuelle Seigner eta Mathieu Amalric—, eta antzoki huts bateko eszenatokia da gune nagusia.

Banpiro garaikideen arteko amodio istorio fresko bat kontatu du Jim Jarmushek Only Lovers Left Alive filmean. Bizitasun handiko eta txinparta zorrotzeko uneak dituen arren, errepikakor samarra gertatzen da beste une batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.