Munduko ahozko kantu inprobisatuen jardunaldiak antolatu ditu Mintzolak

Hainbat esparrutako adituek Bertsolari Txapelketa Nagusiaz egindako analisiak kaleratuko ditu

Eskuinean, Karlos Aizpurua Mintzolako zuzendaritzako kidea. JON URBE / ARP.
Igor Susaeta.
Villabona
2013ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren olatua baliatuz, bi jarduera garatuko ditu Mintzola fundazioak ondorengo hiru hilabeteetan. Batetik, hainbat esparrutako ikerlariek eta adituek txapelketa aztertuko dute, eta haien analisiak argitaratuko ditu fundazioak bai bere webgunean eta bai Bertsozale Elkartearenean. Eta, bestetik, munduko ahozko kantu inprobisatuaren jardunaldiak egingo dira Villabonako Subijana etxean txapelketa amaitu bitartean, eta hainbat ikerlarik gaiaren inguruko haien esperientziak plazaratuko dituzte horietan.

Mintzola hainbat eremutako adituekin ari da bertsolaritza auzolanean ikertzen, eta txapelketa abiapuntu gisa hartuta, horietako hamalauri eskatu die horri buruzko ondorioen zein gogoeten berri emateko. Hartara, lehen analisia, Aniztasuna txapelketaren bertsogintzan izenekoa, jada sarean dago irakurgai. Arkaitz Goikoetxea filologo, bertsolari eta itzultzaileak ondu du. Hurrengo hirurak, Jone Miren Hernandez EHUko ikerlariak (Emakumeak txapelketan), Xabi Paia ahozkotasunean aditu eta bertsolariak (Txapelketako bertsogintzan ahozkotasun maila) eta Xabier Sukia kazetari eta bertsolariak (Kanporaketetako bertsogintzaren azterketa) egingo dituztenak, azaroaren 4an jarriko dituzte, behin txapelketako kanporaketak igarota.

Finalaren atarian kaleratuko dute hurrengo analisi sorta: Olatza Mitxelena komunikazioan lizentziadunak (Abertzaletasuna txapelketan), Teresa del Valle EHUko Gizarte Antropologiako katedradun emerituak (Txapelketan, bertsolaritzan gertatzen ari denaz), Gorka Azkarate bertso eskolako irakasleak (Finalaurrekoetako bertsogintzaren azterketa) eta Jexus Larrañaga antropologian doktoreak (BECeko finalari behako antropologikoa).

Behin txapelketa bukatuta, ondorengoek emango dute haien gogoeta eta ondorioen berri: Andoni Egaña bertsolariak (2013ko txapelketaz), Pio Perez EHUko ikerlariak (Emozioak txapelketan), Pere Bescos Harvardeko Unibertsitateko (AEB) doktoregaiak (Alderdi kultural, komunikatibo eta sortzaileak txapelketan), Anais Falco musikologian adituak eta Christian Simelio corrandistak (Txapelketaren musika. Katalunia eta Euskal Herriaren arteko aldeak), Manex Agirrezabal informatikari eta doktoregaiak (2013ko txapelketaren datuen azterketa) eta Joxerra Gartzia komunikazio zientzietan doktore eta ahozkotasunean adituak (Finaleko bertsogintzaren azterketa).

Ikerketa horietako gehienak plazaratu aurretik hasiko dira jardunaldiak; datorren asteazkenean, hain zuzen. Urriaren 16an, joan den udan Mexikon barrena igarotako bi asteetan pilatutako esperientziak kontatuko dituzte Miren Artetxek eta Iñaki Muruak. Bertsotan egiteaz gain, beste bederatzi herrialdetako inprobisatzaileak ezagutzeko aukera eduki zuten. Abenduaren 11ko hitzaldietan, Kubako kantu inprobisatua, repentismoa, aztertuko dute hango hiru adituk, alderdi soziologiko, musikologiko eta filologikotik abiatuz. Abenduaren 12an, Ana Zarina Palafoxek mexikar trobadoreen berri emango du, eta gero bertsotan egingo du Egañarekin. Eta, azken egunean, abenduaren 13an, ahozko kantu tradizionalak Katalunian duen egoeraren gakoak plazaratuko dituzte. Hitzaldi guztiak doakoak dira, eta 19:00etan hasiko dira.

Bi egun geroago jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, eta Mintzolak BECeko terraza batean bilduko ditu jardunaldietan parte hartuko duten ikerlariak, eta baita fundazioarekin elkarlanean ari diren elkarteetako ordezkariak ere.

40.000 euroko diru laguntza

Bertsozale Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat sinatu dute. Hartara, diputazioak 40.000 euroko diru laguntza emango dio, «bertso eskolek euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ziurtatzen jarrai dezaten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.