Xalak eta Zubietak fedeari esker lortu dute bigarren puntua (22-21)

15-5 galtzen hasi, eta, atzelariak eskuin eskua minduta zuela jokatu arren, Berasaluze II.a eta Albisuri irabazi diete

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Ez da erraza azaltzen Xalak eta Zubietak atzo Tolosan nola irabazi zuten. Baina gauza bat argi dago, Berasaluze II.ak eta Albisuk baino fede handiagoa izan zuten, eta, horregatik, elkar besarkatu zuten 22-21ekoaren ondoren. Ez da erraza azaltzen, 15-5 galtzen hasi zirelako, eta Zubietak eskuko minez jokatu zuelako ia partida osoa. Esan zuenez, kostako zaio hurrengo astean jokatzea.

Berasaluze II.ak eta Albisuk ligaxkako bigarren partida galdu zuten, bigarrenez 22-21, eta berriz ere eskura izandako garaipenari ihes egiten utzita. Iragan astean 18-12 aurreratu baziren, atzo 15-5, 16-9 eta baita 18-12 ere. Ordura arte, hasieran bereziki, Berasaluzek erakustaldia eman zuen errematean eta Albisu gehiago zen atzean. Zubietak eskuko arazoekin pasatu du aste osoa, eta tako askorekin jokatu zuen.

Asegarcekoek, baina, ez zuten lana borobildu. Berasaluze eta Albisu, konfiantza galduta, hutsak egiten hasi ziren. Xala, berriz, hazi egin zen eta ausartago jokatu zuen. Aurrelaria errematatzen hasi zen, eta Zubietak ezkerrez bakarrik jo zezakeen pilota. Azken txanpa jazarpen proba bilakatu zen, eta Aspekoek 1-6ko partziala lortu zuten (20-19). Zubietaren huts batek eten zuen bolada, baina aurkariak oso urduri ziren eta irabazleek 21eko berdinketa behartu zuten. Azken tantoa Albisuren hutsa izan zen, seigarrena guztira. Gora bota zuen pilota ordu eta erdiko partidari amaiera jartzeko. Ordurako 668 pilotakada joak zituzten lauen artean.

Olaizola I.aren agurra

Binakako txapelketako ligaxkako bigarren jardunaldiko bigarren partida gaur jokatuko da, Iruñean (17:00). Olaizola II.a eta Aretxabaleta, Bengoetxea VI.a eta Ladis Galarzaren aurka ariko dira. Bi bikoteek puntu bana dute. Txapelketako partidaren aurretik Asier Olaizolak azken partida jokatuko du Asegarcerekin, 17 urteko ibilbidearen ondoren. Apraiz izango du lagun, etaSaralegi eta Ibai Zabala aurkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.