Mikel Larunbe. Asegarceko pilotaria

«Umetan ez zitzaidan gustatzen pilota; aitak derrigortu ninduen probatzera»

Profesional mailako debut dotorea jarri diote etziko, Bilbon; 19 urteko atzelariak, baina, zintzo aitortu du gaur egun partidan bainoago unibertsitateko azterketetan duela burua.

ASEGARCE.COM.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Liburu artean harrapatu du BERRIAren deiak Larunbe (Galdakao, Bizkaia, 1993). Azterketak ate-joka ditu, eta buru-belarri ari da, ia larunbateko debuteko partida ahazteraino. Bi urteko kontratua sinatu du Asegarcerekin. Goizean, Bilbon entrenatu da, Urrutikoetxea, Olaizola II.a eta Zabalarekin, eta ez da gustura gelditu. Euskalduna da, jatorra, eta solasaldi atseginekoa.

Zer moduz doa astea?

Elkarrizketa batzuk eman ditut, eta entrenatzen jarraitu dut. Ikasten ari naiz, eta hori da gogorrena, liburuekin egoteko denbora ateratzen saiatzen nabil.

Zer ari zara ikasten, bada?

Energia berriztagarrien ingeniaritza, Eibarren; bigarren urtean nago. Urtarrilean bost azterketa ditut, eta horretan nabil.

Agian, hobe burua beste nonbait izatea, debuteko kirioak lasaitzeko.

Oraintxe bertan, gehienbat ikasketetan daukat. Gabonak bukatuta, azterketak hasiko dira. Iaz ikasgai guztiak atera nituen, baina aurten ez dakit ahalko dudan.

Debutean irabaziz gero, ez da ospakizunik egongo orduan.

Garrantzitsuena maila ematea da. Eta ospatu... nahikoa jai egin dugu Gabonetan. Partida jokatzea bera albiste pozgarria da.

Noiztik dakizu debutarena? Esperoal zenuen?

Duela hilabete proposatu zidaten. Enpresaren asmoa 2. mailara igotzea zela, eta baietz esan nuen. Ez nuen espero, beste batzuk badabiltzalako entrenatzen, eta deiak ustekabean harrapatu ninduen. Baina tira, hortik aurrera txipa aldatu nuen, hobeto entrenatuz, eta, batez ere, eskuak zainduz.

Pilotazaleek espero zuten zure debuta, baina agian geroago.

Era askotako iritziak daude: gehiago itxaron beharko zutela, gaztea naizela... Baina horrelako aukerak behin bakarrik gertatzen dira, gertatzen badira, eta baliatu egin behar dira. Hemendik urte batera nola egongo garen ezin da jakin.

Nola hasi zinen pilotan? Beti Galdakaon jardun duzu, Adiskiden?

8 urterekin hasi nintzen, eta beti ibili naiz Adiskiden. Hasieran, futbolean jokatzen nuen, baina aitak pilota probatzera derrigortu ninduen, urtebetez. Etxean kristoren errieta izan genuen, eta probatzeko esan zidan, urtebete; ez nintzen gustura joaten entrenatzera. Baina urtebete pasatu, eta gelditzea erabaki nuen, gustatzen hasi zitzaidan, lagunak...

Zuk baino afizio handiagoa al du?

[Barrez] Orduan bai; orain, nik.

Debut handia antolatu dizute: Olaizola I.arekin, Saralegi-Apraizen aurka, Bilbon...

Bai, bai, partida handia da. Apraiz lehen mailako txapelketan sartzeko zorian egon da, iaz berak jokatu zuen. Lan gogorrak izango ditut, haren aurka, pilotaleku horretan... Debut gogorra da, baina ziur nago Olaizola I.ak lagunduko didala.

Zer moduz entrenamenduetan?

Zortzi hilabete daramat, eta gustura. Hasieran kosta zitzaidan: pilotak, erritmoa... baina apurka gorantz egin dut.

Zer esaten dizute teknikariek?

Batez ere mugimenduak zuzentzen dizkidate. Hankekin hobeto ibili behar dudala, indartu behar ditudala, gimnasioan... Pilotara nola jarri esaten didate; kokapen aholkuak gehienbat.

Non duzu hutsunerik handiena?

Gehien hobetzeko? Adibidez, mugimendu azkarretan, behetik doazen pilota horiek defendatzean, eta airez ere apur bat makal nabil.

Enpresako kideekin entrenatzen norbaitek harritu al zaitu?

Ezustekoa Pablorekin hartu nuen [Berasaluze VIII.arekin], udan berarekin egin nituen saio batzuetan.Tantoa bukatzeko duen erraztasuna, eta pilota nahi duen tokian jartzeko trebezia. Harrituta gelditu nintzen.

Idolorik izan al duzu?

Idolorik ez dut izan, baina bai gustukoak. Olaizola II.a asko gustatzen zait, eta Barriola, atzelari modura. Orain Zabaleta ere bai, ematen dion egurrarengatik.

Zer moduz utzi duzu afizionatu maila? Ba al dator gazte onik?

Bai, badago jende ona. Ziur nago urte batean edo bitan talde bat igoko dela, aurrean zein atzean jende ona dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.