Kreuziger, ohorezko taldekidea

Sasoi honetan Alberto Contadorren laguntzaile fina izango denak irabazi zuen herenegun Amstel Gold Race klasiko handia

unai zubeldia
Donostia
2013ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Behetik gorako bidean taldeburu izaera hartuta ibili da Roman Kreuziger (Saxo-Tinkoff) azken denboraldiotan, Liquigasen lehenengo, eta Astanan gero. Irabazi zuen 2008an Suitzako Itzulia, 2009an Romandiako Tourra, 2011n Giroko gazteen sailkapena eta 2012an Giroko etapa bat, Alpe di Pampeagon. Igotzaile ona eta erlojupekoan fina, koska txiki bat falta izan zaio beti puntara iristeko, eta bere aukerei muzin egin gabe, Alberto Contadorren proiektuan sartzea erabaki du sasoi honetan, Saxo-Tinkoffen eskaintza onartuta. Denboraldiko erronka garrantzitsuenetan ohorezko taldekidea izango du espainiarrak ondoan. Baina taldeburu gisa kolpeak ematen jarrai dezakeela erakutsi zuen txekiarrak herenegun, Amstel Gold Race klasiko handian. Caubergera iritsi baino lehen erasoa jota, bakar-bakarrik helmugaratu zen, gozatuz.

Maastricht eta Valkenburg arteko 251 kilometroetan ausart, ihesaldian sartu zen Mikel Astarloza (Euskaltel), beste sei txirrindularirekin batera, eta protagonista izan zen pasaitarra. 55 kilometro falta zirela, Johan van Summerenekin (Garmin) batera joan zen aurrera, eta 46 falta zirela, bakarrik geratu zen. Helmugara iristeko 17 kilometro falta zirela harrapatu zuen tropelak, Kreuzigerrek erasoa jo baino kilometro gutxi lehenago. Alejandro Valverde (Movistar) eta Simon Gerrans (Greenedge) igo ziren podiumera. Lehiaketei dagokienez, Trentinoko Giroa hasiko da gaur, Italian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.