Abel Barriola. Aspeko pilotaria

«Badirudi beteranoak egunero frogatu behar duela oraindik jokoa baduela»

Bete berriak ditu 35 urte, baina indartsu dagoela aldarrikatu du: «Jokatzean, nortasun agiria aldagelan gelditzen da». Binakako txarraren ondoren, ilusioz ari da jokatzen buruz burukoa.

IDOIA ZABALETA  / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Buruz buruko txapelketa jokatzea «plazera» dela argi du, eta bi partida irabazi ondoren, Abel Barriola (Leitza, Nafarroa, 1978) ilusioz kantxaratuko da etzi Aimar Olaizolari aurre egiteko. Zintzo eta jator mintzatu da, buruz burukoaz, bere sasoiaz eta bukatu berri den binakako txapelketaz.

Zer moduz duzu eskua?

Ongi. Nahiko buruhauste eman dizkit, kosta zait errekuperatzea, baina orain ondo nago. Buruz burukoak alde ona eta txarra du. Pilotakada gutxiago jotzen dira, baina bortitzagoak dira.

Retegi Biren aurkako partida irabaztea fede kontua izan zen.

Partida zaila zen. Retegik jendeak uste baino gehiago jokatzen du. Azkenean, partidari buelta ematea mirari txiki bat izan zen, baina ez zait iruditzen 20-10ekoa ordura arteko aldearen isla zenik. Eta gero, gauza asko gertatu ziren: Retegik eskua gaizki zuen, nik sakearekin arriskatu eta dena ondo atera zen, zortea ere alde eskapada batean...

Gustura hartu al duzu manomanista? Ala erantzukizuna zen?

Buruz burukoa plazera bat da niretzat. Prestaketa gogorra da, eta hori da pilotari osoa saritzen duen txapelketa, baina satisfazioak handiak dira. Nik ez dut pilotari bizitza ulertzen eskuz banakakoa jokatu gabe.

Zein da helburu errealista bat?

Ez dakit. Nire ustez, badaude pilotari batzuk beste maila batean daudenak. Nire kasuan, Olaizola II.a da. Egia da orain ez nagoela goikoen mailan; momentuak, baina, aldatu egiten dira, eta ilusioa egin dit berriz ere final-laurdenetan egotea. 2008an finalera iritsi nintzenetik, bi urtetan ez nuen buruz burukoa jokatzerik izan, lesioen erruz; beste batean, belauneko lesio luzetik sendatu berritan izan zen; eta prestatzeko denbora izan dudan aldi bakarrean, iaz, Irujok kanporatu ninduen. Baina ez da aitzakia, txapelketa halakoa da.

Etzi ezustekoa eman al dezakezu?

Ez dut begiratzen zer egin dezakedan edo ez. Olaizola II.a beste maila batean dago, eta aurre egitea, eta askotan lanak ematea bakarrik, zaila da. Baina kirolean beti daude ezustekoak, noizean behin gertatzen dira eta ilusio horrekin egiten dut lan.

Bi aldiz jokatu duzue bakarrik elkarren aurka buruz buru. Bitxia da.

Halaxe da, eta biak berak irabazi zituen, 22-2 lehenbizi eta gero 2007ko finala (22-11). Beste pare batean egon ginen jokatzekotan, txapelketan eta masterrean, baina lesioek eragotzi zuten.

Zein gorputzaldirekin bukatu zenuen binakakoa? Ez zen ona izan.

Helburuak lortzen ez direnean ez da erraza izaten. Xalak eta biok ez genuen geure jokoa erakutsi. Desilusioa izan genuen, baina hala gertatzen dira gauzak. Binakakoa bezalako txapelketa luze batean denok nahi izaten dugu ongi jokatu, eta irabazteak autoestimua eta konfiantza ematen dizu. Baina partida batzuk segidan galdu ondoren, iparra galdu genuen, eta besteek ez dute barkatzen.

Arduratu zintuen? Iaz ere ez zenuen ondo jokatu.

Alde batetik, bai, baina bestetik, ez. Pilotariak berak sufritzen du gehien ez duenean ondo jokatzen. Jakin behar da pilotari guztiek gorabeherak dituztela, eta gorputzaldi onak zein txarrak hilabete bat iraun dezake edo urte osoa.

Postua arriskuan ikusi al duzu?

Bai, hori urtero ikusten dut. Urte batzuetan zeure burua ziur ikusten duzu txapelketan, eta beste batzuetan ez, baina bizilegea da hori. Gazteak duen bizitasun horrekin, normala da beteranoak baztertu nahi izatea. Baina tira, horiek enpresak hartu beharreko erabakiak dira. Halere, badirudi beteranoa zarenean egunero frogatu behar duzula oraindik jokoa baduzula eta zeure burua goi mailan ikusten duzula. Tira, betikoa da, kantxak jartzen du bakoitza bere lekuan. Gauzak ondo egiten ez ditudanean kritikatua izango naiz, eta normala da, baina ondo egiten direnean aitortzen ere jakin behar da.

35 urte eta 15 urte profesionaletan... Gauzak desberdin ikusten al dira?

Orain aldagelan sartzean beteranoena naiz. Baina tira, kantxak jartzen zaitu zure tokian eta nortasun agiria aldagelan gelditzen da. Izan zaitezke beteranoago, gazteago, baina ondo jokatzen duenak ondo dagoelako jokatzen du, eta gaizki jokatzen duenak, gaizki dagoelako. Adinari ez diot buelta handirik ematen. Aurkariei aurre egiteko gai ez naizenean kantxak esango dit, enpresak eta neure buruak. Baina, oraingoz, ez da nire kasua, indarrean nago oraindik, dohain batzuk galduta eta beste batzuk irabazita, baina urte batzuetan ondo ari naitekeela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.