Serio jartzeko garaia

ACBko finalerdietan sartzeko, Laboral Kutxak ezinbestean irabazi behar dio gaur Kanaria Handiari

Imanol Magro Eizmendi.
2013ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Partida batek denboraldi bat ona, txarra, erdipurdikoa edo bikaina izan den erabaki dezake. ACBkoa bezalako liga erregular luze baten ondorengo titulurako kanporaketak halakoak dira, bidegabe bezain erakargarriak, eta ataka horretan dago gaur Laboral Kutxa (20:30, ETBk). Kanaria Handiaren aurkako final-laurdenetako kanporaketako hirugarren eta azken partida jokatuko du, etxean, eta irabazleak aurrera egingo du.

Irabazita, finalerdietan egongo da Baskonia, titulurako lehiaren atarian, eta hurrengo aurkaria estu hartuz gero, denboraldia ez da hain txarra izango. Gero, finalean sartzean bada, aldiz, liga ona izango da. Galduta, baita, dena hondamendia izango da, final-laurdenak bide motzegia direlako Gasteizko taldearentzat. Amildegi bat dago gauko partidaren emaitzaren barruan.

Baskoniak 85 minutu jokatu du Kanaria Handiaren aurka azken astean, bi partida eta luzapen bat. Minutu horietan erregulartasun gutxi erakutsi du, eta, askotan, oso irudi kaskarra eman du, lehen partidan batez ere. Bada, ezusteko txarra saihesteko, serio jartzeko garaia iritsi zaio, eta Cook, Nemanja Bjelica, Causeur, eta halako jokalariek lehen bi partidetan emaniko irudia garbitzeko aukera dute. Antolatzailearentzat, azken partida izan daiteke Gasteizen, zurrumurruen arabera taldeak beste bat hitzartua omen duelako hurrengo sasoirako. Beste jokalariei dagokienez, Zan Tabakek ez du hutsunerik deialdian.

Teknikariak argi azaldu zuen herenegun orain arte kanporaketak izan duen bilakaera: «Lehen partidan, merezi gabe irabazi genuen, eta gaur, merezi gabe galdu». Lehen partidan Heurtelek salbatu zuen Baskonia azken segundoan sarturiko hiruko batekin; herenegun, berriz, taldeak azken laurdenean bederatzi puntuko errentari ihes egiten utzi zion luzapenean galdu aurretik (83-78).

Joko estiloa garrantzitsua izango da gaur, eta Laboral Kutxak bizi jokatzen saiatu behar du, eta bere piboten neurria eta indarra inposatzen. Kanaria Handia aurkakoa egiten saiatuko da, defentsa estua egiten eta erasoak luzatzen. Gasteizen jokaturiko aurreko partidarekin alderatuta, Ryan Toolson taldeko saskiratzaile nagusia erabili ahal izango du Pedro Martinezek. Hala ere, ez du jokalari asko izango, eta pilaturiko nekea kudeatu beharko du. Baskonia, aldiz, freskoago iritsi da partida erabakigarrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.