Donostiako 60. Zinemaldia. Iñaki Elizalde. 'Baztan' filmaren zuzendaria

«Enkoadratze bat erabakitzen duzun unetik beretik, fikzioa egiten ari zara»

Lehen film luzea du; hainbat film labur saridun zuzendu ditu aurrez. Agoten historian arakatu nahi izan du 'Baztan' lanarekin, zinema lengoaiaz gogoeta egiteaz gain.

SINADURA / AGENTZIA.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Zinemaldiak Baztan filmari hauspoa emango diola uste du Iñaki Elizalde zuzendariak.

Noiz jakin zenuen agoten berri?

Afari batean hitz egin zidan filmaren ekoizleak aurrenekoz agotei buruz. Ordura arte, hitza bera ere entzun gabea nintzen. Historia bera izugarria iruditu zitzaidan, eta deigarriena egin zitzaidan gaur egun ere oraindik agotek bazterkeria pairatzen dutela. Beraz, gai ederra iruditu zitzaidan film bilakatzeko.

Horregatik erabaki zenuen bi denbora plano erabiltzea: iraganeko bat eta gaur egungo beste bat?

Bai, batez ere horregatik. Munduan adibide asko daude arrazakeria diskriminazioaren ingurukoak. Horrek istorio lokal bat izateaz gain, istorio unibertsal bilakatzen du agotena. Baina bereziago egiten duena da hamar mendean iraun duen diskriminazio bat izatea. Beraz, agoten historia bezain interesgarria zen Baztan inguruko orografia, bai fisikoa, baita pertsonei dagokiena ere.

Zergatik hautatu duzu fikzioa eta ez dokumentalaren generoa zuzenki? Gaiak ematen baitu dokumental baterako ere...

Zinemarena oso lengoaia berria da, eta hortaz oraindik ere gutxi arakatu eta aztertu da. Horregatik, zinema lengoaian murgiltzeko aukera ona iruditu zitzaidan. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko muga oso lausoa izan daiteke zenbaitetan. Kamera bat hartu eta enkoadratze bat egiten duzun unetik beretik, gainerako guztia kanpoan utziz, fikzioa egiten ari zara. Gogo handia nuen horrekin jolasteko. Filmak ez du ezer dokumentaletik; dena zegoen idatzia gidoian. Esaldi guztiak. Den-dena.

Agoten istorioaz gain, zinema lengoaiaren inguruko gogoeta dago, beraz.

Filmak denboraren iragateaz hitz egiten du batez ere. Gauzak nola sortzen diren eta nola hil, eta hil ostean ere nola mantentzen diren... Lekarozko eskolarekin gertatzen denak balio du hori adierazteko. Herritarrek eskola transformatu egiten dute, bola batez XVIII. mendeko eliza bilakatzeko. Gero, berriro eskola bihurtzen da, baina nolabait betierekotasuna eskuratzen du horrela. Ondoren, agoten gaia dago, jakina, baita zinemaren inguruko gogoeta bat ere.

Ildo nagusi bat du filmak, baina istorio txiki mordoxkatxo bat ere badago, herriko jendearen istorioak...

Bai, eta dena gidoian idatzirik zegoen. Lau muntaketa ere egin genituen istorio horiek guztiak ondo harilkatzeko...

Gidoia Michel Gaztanbide aurtengo Zinemira saridunarekin batera idatzi duzu. Zer-nolako garrantzia izan du haren lanak?

Laguna dut Michel. Gidoiak idazteaz dakidana hark irakatsitakoa da. Niretzat, oso garrantzitsua da. Zuzendari guztientzat oso garrantzitsua da kontrapuntua jarriko duen norbait izatea, istorioaren ertz guztiak ondo eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.