Bira

Zangoak buru

Itxaro Borda
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Afrikako txapelketan Kamerunek Senegalen aurka galdu arren, Barakaldon sortu Javier Clemente Lehoi Hezkaitzen taldearen trebatzaile postuan geldituko da, arrazoi ekonomikoen gatik bereziki. Hilabetean 35.000 euro sakelaratzen ditu anartean. Sosaldi galantak emanez kanporatu ordez 2013a arte atxikiko dute, nahiz eta jada 2012ko CAN lehiaketatik bazter dagoen Kamerun. Alta Yaoundeko iritzi publikoak euskaldunaren lekutzea eskatzen du.

Ikusiko ez diren zango luzeak ere badira. Iraneko neska futbolarienak. Datorren urteko Londresko joko olinpikoetan parte hartzea debekatuko zaie menturaz, kosmonauten antzera jantziak direlako, oin puntatik kasko gaineraino Teheraneko lege islamisten arabera. Zelai hegian negarrez azaldu ziren, belauniko, Amman hirian, Jordaniaren aurkako partidua jostatzea ezeztatu zitzaienean. Korrupzio eskandaluetan emokatu FIFA erakundekoek ez zuten komentariorik egin alaina.

Clemente gabe noski, munduan zehar askorentzat futbola zepotik jalgitzeko baliabidea da erlijioneek katestatzen dituztenentzat barne. Arduradun politikoek kirola lehen dela diotenean, ez ote dute onetsiko zilkoia agerian laster dagien atletaren ondoan oihal zekenez estalia den kirolaria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.