Bira

Faltsu

Itxaro Borda
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ez da lehen aldia. Informazioa, bizitzak bezala, ideologien araberako eraikuntza soila delako. Lekukotasun faltsuek pantailak urratzen dituzte egiazko egiak bailiran. Iragan astean bere haurrak eskolari izkin egiteaz nardaturiko ama balitz bezala mintzatu zen Nice-ko kontseilu orokorreko attaché-de-presse delakoa Bouyguesen telekatean. Sarkozyk urguiluz aipatu zituen familiei diru-laguntzak kentzeko gobernuak hartu gaztigu-erabakiaren emaitzak. Eginkizunaren arrakasta azpimarratzeko agertu zen emaztekia.

Emankizun entzutetsuen dramaturgia politikoetan azaltzen ziren antzerkilarien komedietara ohituak ginela uste genuen. Ikusten dugu orain, aspalditik horrela da, berrisailak ere reality show kudeatuak, neurtuak, manipulatuak direla, edozein alor jorratzen dutela: erretreten erreforma, funtzionarioen aurkako gorroto herrikoia, atzerritarren ganakoa, buruzagien aldeko aburu-ikerketena, erostahalarena halaber. Egia izpirik ez da nehon edo eskaintzen diguten salda minduan baizik ez da haiek nahi duten egia irakiten.

Errealitate anitzaren zinezko irudiei uko eginez, erreal asmatu eta formatatu batean aitzina doaz, guztiok sinestera behartuak garen ebanjelioren fikzioa sortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.