Bira

Zai bazaude

Itxaro Borda
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Euskaldun! Le Penek eskualde hizkuntzak salbatuko dituela zai bazaude, zaude lasai, zaude ziur, salbatuko dituela errotik ezabatuz. Ezagun apurrak Marine lakastaz begironez eta heskuaraz mintzatzen entzutean Laboaren ahotsaren oiharrak urratzen dit zintzurra eta krima gutizia ernatzen zait, erraietan. Frantses estatuarekiko —gaixo puxka...— mehatxu birla berdinean sakatzen ditu ohizko elediak eta migranteen ezpainetan beranduago etorriak. Beharrik ez daki zenbatetaraino kide diren arabearra eta euskara Omar Khayyam, Maram Al-Masri edo Mahmud Darwich itzultzeko orduan. Aita okerraren alaba pokerlaria harritzen da Bretainiako seinaleak bi mintzairetan direlako. Onetsi ezina zaio. Frantzian adiztegi bat baizik ez baita, gaaaarde-à-vous, edonondik hurbildu herritarrak Asimil metodorik gabeko asimilategiko asimilatzeaz beste aukerarik ez baitu, défense de parler en basque et de cracher par terre, —geroztik tu dagizu Santizpiritu zubiaren erdian eta Thiers karrikan lohordi dagoen SDFa etxekoz agurtzen duzu—,kolonietan bezala hemen ere oraino makurtu ala hil delako. Le Penek nahasleok narras garbituko gaituela txistuz darrai auzoak... Euskaraz, siuple.

'kasiko'uzie allah jinkua...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.