«Horrelakoak milaka daude»

Edonork ezagutzen duen jendearen antza dute 'Loreak errepidean' filmeko pertsonaia gehienek, baina bada misterioak inguratzen duen bat ere.

Juan Luis Zabala
Bera
2013ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Egiten ari diren lanarekin gustura daude Loreak errepidean filmeko aktoreak. Filmeko beren pertsonaiak baino hobeto moldatzen dira beren artean, atzoko filmaketa lanean ikusi ahal izan zenez.

Itziar Ituñoren pertsonaia, Lourdes, Beñat zenaren alarguna, «emakume praktiko bat» da, Ituñoren ustez. «Itxuraz gogor plantak egiten ditu, baina hori pantaila hutsa da; bera ez da benetan horrelakoa». Gatazka du Tererekin, Beñat zenaren amarekin, hura familiako rol klasikoen defendatzaile sutsua delako. «Lourdes modernoagoa da,hippyagoa. Eta baita bizizaleagoa eta libreagoa ere, teorian behintzat».

Tere, Beñat zenaren ama, «andre gogorra» da, Itziar Aizpuru aktorearen iritziz. «Gizona nahiko gazterik hil zitzaion eta hiru seme-alabarekin gelditu zen». Amaginarrebarekin, Lourdesekin, ez da inoiz oso ondo moldatu, eta Beñaten heriotzaren ondoren hura oroitzeko —edo ahazteko— moduan ere talka egingo dute biek. Tere «oso pertsonaia normala» iruditzen zaio Aizpururi. «Horrelakoak milaka daude».

Nagore Aranbururen pertsonaiak, Anek, lankide zuen Beñat, auto istripuan hildako gizona. Hori da ikusleak ziurtasunez ezagutzen duen bien arteko harreman zuzen bakarra. Ane «nahiko itxia, isila eta lotsatia» da, Aranburuk dioenez. «Oso barruraka bizi ditu gauza guztiak, oso pertsonaia intimoa da, barnera begirakoa». Hori dena «ondo transmititzea» ez da lan erraza aktore batentzat, baina filmerako lanean oso gustura dabil Aranburu. Filmari misterioa eta suspensea erantsiko dizkio Nagore Aranburuk irudikatutako pertsonaiak.

Jose Ramon Soroizek Txemaren rola jokatzen du filmean. Ez du agerpen askorik, baina atzo filmean parte hartzea egokitzen zitzaion, Nagore Aranbururen ondoan. Txema Aneren lankidea da, Anek lan egiten duen obrako enkargatua. «Lan txikia baina polita egokitu zait», azaldu du Soroizek. «Gainera, gaur egun dagoen egoerarekin, tokatzen dena egin beharra dago, eta dagoenean gustura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.