Ba al dago 'gilipollas'-ik oholtzan?

Zer-nolako rola dute euskalkiek eta euskara batuak antzerkiaren adierazkortasunean? Ez da galdera berria, baina erantzun bila aritu dira 'Ahoa bete hots' jardunaldietan.

Ximun Fuchs, Itziar Ituño, Julia Marin, Manex Fuchs eta Ainara Gurrutxaga. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Villabona
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Publikoan entzule gisara dagoen Karlos Aizpurua bertso irakasleak bota dio galdera Ximun Fuchsi, Villabonako Mintzolan (Gipuzkoa) eman berri duen Dario Foren Juglarea, puta eta eroa antzezlanaren egokitzapenaren karietara: «Antzezlan hori telebistan eman behar balute, erabiliko huke gilipollas hitza tontolapiko esan nahi du gaztelaniaz , antzezlanean egin duan bezala. Nola arribatu haiz hautu horretara?».

Baietz erantzun dio Fuchs antzerkigile eta antzerkilari baxenabartarrak. Hizkuntzak, edo haren erabilerak, edo haren hautuak gorputz bat egiten duela. «Ahoskerak gorputzean ere eragiten du». Foren obrako pasarte batean putak hitz horren adiera bereko zerbait erabiltzen du jatorrizkoan: «Esateko modu desberdinak bilatu nituen, batuan nola esan ote zitekeen, baina ikusten nuen ez nuela lortuko nahi nuena. Eta nire egiteko nagusia antzerkia egitea da. Gilipollas hitzarekin atzeman nion bizitasuna, nire bizitasuna nahi bada, nahiz eta badakidan, esaterako, Zuberoan ez zutela hitza ulertuko. Ez nuen ikusten puta hura iparraldeko baten gorputzean». Hautu estetiko bat egin zuela, alegia, eta ez hautu estrategiko bat denek uler zezaten.

Nola lortu adierazkortasuna antzerkian? Nola lortu erregistro bakoitza sinesgarri gera dadin? Nola lortu ahozkotasun biziz adieraztea guztiontzat ulergarri izanik? Noiz erabili behar da euskara batua eta noiz euskalkia? Euskararena da soilik arazoa? Arautu beharko litzateke jendaurreko jardun ahozkoa? Galdera horien jirabiran jardun dute Ximun Fuchsek berak, haren anaia Manex Fuchsek (Petit Theatre de Pain konpainiako kideak biak), Itziar Ituño eta Ainara Gurrutxaga aktoreek. Mintzola Ahozko Lantegiak antolaturiko Euskalkiak, batua eta erregistroa ahozko kultur sorkuntzan jardunaldiek eman die hizpide, Julia Marin itzultzailea moderatzaile lanetan aritu delarik.

Oholtzaren gaineko hitzezko lengoaia edo ahozkotasuna arautzeko ardura inork hartzeari oso zail deritzo Manex Fuchsek: «Ez dakit badugun aditu eta profesionalen beharrik edo gure ardura den. Hartara jarriz gero, arautuko litzateke zerbait, baina benetakoa litzateke edo inteligentziak produzitutako zerbait eta benetako loturarik ez lukeena? Gauza bat da idatzizkoarentzat, baina ahozkotasuna arautzeak ez dakit ez ote dion berezkotasuna eta sinesgarritasunari kalte egiten». Itziar Ituñoren iritzian, kontu jakin batzuetan ondo letorke gutxieneko kodetze bat: «Filmen bikoizketetan beharko litzateke adostasun puntu bat, adibidez. Doinuari dagokionez, azentua non egin eta abar...».

Eta ahozkotasun bizi bat lortzeko, euskalkietara jotzea al da bidea? «Agian, hori da biderik emankorrena, zinez desberdintzeko idatzikotik. Joseba Sarrionandiak zioen hori: 'Euskalkiek euskara batua ikasi duten bezala, euskara batuak euskalkiak berriz ikasi beharko ditu'. Hau da, euskara batuak euskalkietatik edan beharko du ahozkotasun hori garatzeko». Ramon Saizarbitoriak berriki bestelako kezka azaldu du hedabide bat baino gehiagotan. Hark esan izan du euskalkiak desagertzearen alde legokeela, «baldin eta horrela lortuko badu euskarak aurrera egitea». Gazteen artean, bereziki, euskalkia pose modura erabiltzeko «moda» nagusitzen ari da gaur egun, Saizarbitoriaren iritzian, euskara batuaren kaltetan. Edonola ere, Manex Fuchsentzat, kontua ez da euskara batua eta euskalkiak aurrez aurre jartzea, baizik eta idatzizkoa eta ahozkoa ondo bereiztea.

Zer da euskara naturala?

Joxemari Carrere ipuin kontalariak publikotik adierazi du bere ustez oso kontuan hartu behar dugula euskara bakarra dela, eta ez daudela hainbat euskara: «Hortik abiatzen bagara, ez dugu planteatuko euskalkien arazoa, baizik eta nola egin dezakegun euskara bat guztientzat ulergarria izango dena. Euskara hori planteatzen badut, eszena gainean izango da euskara bizi bat. Nik ez dakit zer den naturaltasuna edo bizitasuna? Pertsona bizia bada, hala izango da euskara hori ere». Ximun Fuchsek naturaltasunaren kontzeptua ez du gustuko: «Erabiliko nuke sinesgarritasuna. Naturaltasuna gehiago lotzen du mugimendu artistiko batekin. Hala ere, euskaraz pentsatzen badugu , hor dago naturaltasuna. Jende asko baitago gaztelaniaz edo frantsesez pentsatzen duena eta itzuli egiten duena. Hor galtzen da naturaltasuna». Ainara Gurrutxagarentzat, «puritanismo eta garbizalekeria handia dago» gaur egun; ez bakarrik gizartean, baita hizkuntzari dagokionez ere: «Sorkuntzak eta antzerkiak, bereziki, espazio errebeldea behar luke euskara adierazkortasunaren alde erabiltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.