Sorbideak

Alegia bat gure harridurari

Alberto Barandiaran

2013ko urriak 18
Non daude Debagoieneko idazleak? Non daude fikzioa hautatu behar zuten letra juntatzaile arrasatear, eskoriatzar, aretxabaletar, elgetarrak? Antzuolarrak, gatzagarrak, non daude? Zer dela-eta eremu euskaldun peto horren barruan ez da sortu Gipuzkoako beste inguru askotan izan den idatzirako tradizioa? Non daude fikziozaleak, alegiazaleak, ipuinlariak, poetak?

Alferrikako lana izan liteke, kontaduria aspergarri eta hutsa seguru asko, baina jo dezagun zenbakietara. Jo dezagun, esaterako, Joan Mari Torrealdaik 1997an argitaratutako Euskal Kultura Gaur liburura, datu zehatz eta zorrotzetan oinarritutako lan mardulera. Han dago beharbada inoiz egin den euskal idazletzari buruzko argazki osatuena eta hura izan daiteke, beraz, orduko errealitatea zein zen hobekien isla dezakeen bilduma.

Torrealdaik garai hartan euskal literaturaren inguruan ari ziren lagunak elkarrizketatu zituen lan horretarako. Idazle bizia eta aktiboa izatea izan zen lehen baldintza. Hau da, 1976tik 1994ra bitartean libururen bat argitara eman izana. Edozein liburuk ere ez zion balio Jakin aldizkariko zuzendariari: literaturakoa behar zuen, literaturakoa zentzu zabalean; hots, fikziozkoa eta ez fikziozkoa. Kanpoan utzi zituen ikerketa akademikoak eta ikasmaterialetako sortzaileak.

Kazetari taldea baztertu zuen, baita itzultzaileak ere.

Ia hirurehun lagunek osatzen omen zuten corpusa.

Idazgintzan ari ziren horien jatorriari erreparatzea alferrikakoa izango da beharbada, lan hutsal eta zentzubarikoa apika, kontu geografiko hutsa seguru asko, ondorio batere emango ez duen langintza denbora pasakoa eta soziologikoki distortsionatzailea zalantzarik gabe, baina kontuan hartuta garai hartan hasi zela Fagor taldea eta Mondragon talde osoa hazten, eta kontuan hartuta orduan eman zela Gipuzkoako mendebaldean eta Bizkaiko ekialdean, herriaren erdigunean alegia, giza paisaia aldatuko zuen bultzada kooperatibistarik handiena, bada begira diezaiogun 90eko hamarkada hasierako 271 idazle horien jatorriari: 26 Bilbokoak ziren eta 32 Donostiakoak; hamabi Azpeitia-Azkoitikoak; dozena erdi bat gasteiztar eta beste hainbeste iruindar, gernikar, legazpiar, oiartzuar, ondarroar, tolosar, zarauztar, zegamar. Santagraztarrak badira zerrendan, baita lekeitiarrak, hondarribiarrak, irundarrak, andoaindarrak, baigorriarrak, durangarrak, elorriarrak, ezterenzubitarrak, hazpandarrak eta leitzarrak ere.

Non daude Debagoienekoak? Non daude eremu ekintzaile, kulturalki aberats, ekonomikoki motordun, sozialki konprometituaren sortzaileak?

Zerrendan bi bergarar agertzen dira, eta bost oƱatiar.

Non daude besteak? Non daude arrasatearrak?

Ez ditzagun zenbakiak konpara inguru ez hain euskaldunetakoekin, edo landa eremuetakoekin. Begira dezagun, esaterako, Goierrira, hura ere industriala, hura ere ekimen handikoa, hura ere sozialki eta ekonomikoki aberatsa: hogeita hamarretik gora dira bertako idazleak.

90eko hamarkadetako datuak dira, baina gutxi fida: gaur egungo kontaduriak ez luke alde handia erakutsiko.

Zertan aritu dira, bada, Udalatx azpikoak, fikziotik ihes egiteko? Buzoa jantzita, esango nuke. Kazetaritzan, herrigintzan, euskalgintzan, bertsolaritzan, ikastolagintzan. Kooperatibigintzan. Kudeaketa neketsuan, ilundu arteko bileretan, arnasa luzeko harremangintzan. Halako uholde komunitario handi batek eramanda edo.

Euren neuronak errota batean bezala irudikatzen ditut orain: zein da orain arteko guztiaren parabola? Zein ipuin alegiazko idatz zitekeen gertatu denarekin?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna