Krisi ekonomikoa. Ipar Euskal Herriaren egoera

Urtebetean %13,1 igo da Ipar Euskal Herrian lan bila ari direnen kopurua

Baionako Merkataritza Ganberak dio krisi ekonomikoa dela-eta enpresak «itxarote» jarrera batean direlaIpar Euskal Herriko langabezia tasa %9,3koa da; urtebetean puntu batez igo da

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko enpleguaren merkatuan sendi dira krisi ekonomikoaren ondorio kaltegarriak: 20.606 lagun ziren iazko abendu bukaeran lan bila ari, duela urtebete baino %13,1 gehiago. Horietan %35,7 zuten duela urte bat baino gehiagotik Pole Emploi enplegu bulegoan izena emanik. Horrez gain, langabezia tasa puntu batez igo zen iazko urtean, eta %8,3tik %9,3ra pasatu da. Gazteak eta 50 urtez goragokoak dira gehienbat langabeziaz hunkiak eta joera hori areagotuz doa: urtebetean %11,6 emendatu da 25 urtez behetikako lan bilatzaileen kopurua eta 50 urtez goragokoena %18,5. Gutxieneko errenta (RSA) jasotzen dutenen kopurua ere %1,4 igo zen iaz, eta, gainera, horietan %57 langabezia saria jasotzen ez duten langabeak dira. 7.392 jasotzaile ziren 2012ko iraila bukaeran.

«2008az geroz, krisi ekonomikoaren ondorio negatiboak sendi ditugu jarduera ekonomikoetan eta enpleguan, eta 2013rako perspektibak ez dira hobeak», Andre Garreta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) lehendakariaren hitzetan. Mezu hori helarazi zuen atzo Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoera ekonomikoaren berri ematean. Egoera ekonomikoa dela eta, enpresak «itxarote» eta «duda» jarrera batean direla zioen Garretak. Iazko eta 2011ko azken hiru hilabeteak konparaturik, enplegu eskaintzak %16,5 apaldu ziren Ipar Euskal Herrian eta Biarnon. 77.800 enplegatu ziren sektore pribatuan iazko azken hiruhilekoan. Urtebetean, industrian %0,9 eta merkataritzan 0,7 emendatu ziren; ordea, eraikuntzan %0,7 eta zerbitzuetan %1,3 txikitu ziren.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 600 enpresaburuei egindako galdeketaren erantzunei begiratuz gero, %18k zituzten inbertsioak egin iazko azken seihilekoan eta %13k enplegatu zuten. Geroari begira egoera ez da hobetzekotan: %10ek dute enplegatzeko asmoa eta %18k dute inbertitzea aurreikusten. Negozio zenbatekoa galdeketatuen %25ek emendatu zuten eta 2013. urteko lehen seihilekorako %21ek dute emendioa aurreikusten.

Eraikuntza, merkataritza eta turismoaren sektoreetan da inbertsioak egiteko asmo ttipiena. Adibidez, eraikuntzan %7k dute inbertitzea pentsatzen eta %4k dute enplegatu gogo. «Espainiatik eta Portugaldik etorritako enpresa konkurrenteak dauzkagu eraikuntzan, %25-%30 merkeago diren eskaintzak dauzkate. Lehiakortasun leiala behar dugu, ez desleiala». Horren harira, «legea errespetatzea» galdatu zien Garretak lurralde elkargoko arduradunei.

Hala ere, %68 fidakor

Egoera ekonomikoak hobera ez eginik ere, galdeketatutako enpresaburuen %68k dute konfiantzarekin begiratzen biharra. Hala ere, nahiz konfiantza dutenen ehunekoa bi puntu igo urte batez, kezkaturik direnena bederatzi puntu emendatu da, %20tik %29ra. Industria eta zerbitzuen arloan da konfiantza handiena:industriako %80 fidakor da, eta zerbitzuetan, %70. Eraikuntzan, haatik, %33 kezkaturik dira, merkataritzan %35 eta turismoan %36. Enpresak sortzerako orduan ere sendi dira testuinguru ekonomikoak eragin zalantzak. «2012. urtea zalantza handiko urtea izan denez, %4 txikitu da merkataritzako eta eskulangintzako enpresa sortzea», Garretak zehaztu zuenez. Iaz 1.856 enpresa sortu eta 1.056 desagertu ziren arlo horietan. «Frantzian dagoen gehiegizko arautzea» traba gisa ikusten du MIGek eta arauak «bateratu» eta «arrazoitu» beharra azpimarratu zuen. Horrez gain, zailtasunei aurre egin ahal izateko, kalitatea eta berrikuntza lehenesteko beharra azaldu zuen.

Enpleguak sustatzeko asmoz, enpresen finkatzea bultzatzen eta laguntzen dabiltzala zehaztu zuen MIGeko presidenteak. Hamazazpi enpresa berri instalatu ziren iaz, guztiak Lapurdin; eta, orotara, 182 lanpostu berri eskaini. Berriz ere gogor gaitzetsi zituen industriaren garapenaren aurka diren herritarren joerak: «'Guztien-aurkariak' deitzen ditut horiek, hiru urtez 1.300 lanpostu utzi ditugu joaten horiengatik», Garretaren hitzetan. AHT bide berriaren aurkariak ere izan zituen begi bistan: «Zer nahi dute? Euskal Herria indioen erreserba bat bilakatzea edota zahar etxe bat?». AHT gisako azpiegitura handiek «gaitzeko enplegu sortzeak» ondorioztatuko lituzketela gehitu zuen Peio Olhagarai MIGeko garapenaren arloko zuzendariak.

2011n baino %40,3 gehiago ziren iaz autonomo gisa abiatutakoak. Enpresa munduan abiatzeko gogo hori «lasaigarritzat» jo zuen Garretak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.