Gaixo dauden EPPK-ko presoak (I). Testigantzak

Hesi bikoitzak harrapatuta

Espetxeetako mugez gain, mota askotako gaixotasunekin bizi dira EPPK-ko 150 bat preso. Haien egoera azaltzeko, erreportaje sorta bat argitaratuko du BERRIAk datozen egunetan.
Herrira-k deituta, Iruñean iaz eginiko manifestazio bat.
Herrira-k deituta, Iruñean iaz eginiko manifestazio bat. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2013ko abuztuak 13
Minbiziak, bihotzeko arazoak, traumatologikoak, ikusmen zein entzumenekoak, digestiboak, dermatologikoak, erreumak; antsietateak, paranoiak, estres post-traumatikoak, fobiak, askotariko nahasmen psikikoak. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 150 bat presok dute gaixotasunen bat. Askotarikoak dira egoerak: oso larri eta sendaezinak batzuk, arinagoak besteak. Baina berez gaitz larriak ez dituztenen egoerak ere latzak bihurtzen dira askotan, kolektibo horretako presoei ezartzen zaizkien neurri gogorren ondorioz. Espetxeko baldintzak eta laguntza egokirik eza dira horren arrazoi nagusiak: diagnosiak egiteko zein tratamenduak jarraitzeko ezintasunak. Ondo azaldu dio egoera BERRIA-ri Iñaki Etxeberria Martin presoak, egunero espetxean bizi duenaren berri emanaz: «Kolpeka jokatzen da hemen gaixotasunei aurre egiteko, inolako jarraipenik gabe».

«17 urte daramat espetxean, eta 12 aldiz aldatu naute kartzelaz», azaldu du sakabanaketak eta etengabeko lekualdaketek gaixotasunen okertzean nola eragin duten ikusarazteko: «Beste kartzela batera iristeak norbere ospitale propioaz bestelako erkidego batera iristea dakar. Kartzelari berriz eskatu behar diozu espezialistarekin ordua har dezala. Kartzelak tramite horiek egiten dituenean, beste itxarote zerrenda batean sartuko zara berriz; berriz azken lekuan, aurreko osasun azterketa noiz izan zenuen kontuan hartu gabe».

Iristen ez diren txostenak

Jarraipenik eza eta edozein azterketa egiteko ezartzen zaizkien itxaronaldi luzeak dira, bai presoen bai horien konfiantzazko medikuen esanetan, osasunean hobera egin ez ezinaren arrazoi nagusietako bat. Baina ez bakarra. «Espetxe batetik bestera eramaten zaituztenean, zure mediku txostena ez da lekualdatzen; ez aurreko ospitaleko txostenak, ezta egin zaizkidan proba medikuak ere», kontatu du ikusmen arazo larriak dituelako itsu geratzeko arriskua duenak. «Ospitale batean angiografia proba egin badidate, esaterako, hori ez da hurrengo ospitalean agertuko». Argia da emaitza: «Ez dago inolako jarraitutasunik ez gaixotasunaren garapenaren inguruan ez tratamenduan, eta hori ezinbestekoa da glaukoma gaixotasun degeneratiboan, erretina askatzeko arriskua baitu; ezinbestekoa da zorroztasun handiz eta aldiro-aldiro kontrolatzea».

Sakabanatuta eta alde batetik bestera darabiltzaten euskal presoen mediku laguntza «aldi baterakoa, iragankorra» dela dio egun Espainian, Salamancako Topas espetxean daukatenak. Presondegietan ematen den osasun laguntzak ez duela sendatzeko helbururik salatu du: «Adabakiak jartzea besterik ez du egiten».

Hortaz, bere etxe ondoko osasun zentroan artatua izango balitz, bestelako zaintza izango lukeela uste du Etxeberriak: «Nafarroako ospitale sarean artatuko banindute, nire gaixotasunaren jarraipen bat izango nuke. Ez da gauza bera niri egokitzen zaidan osasun etxera joatea edo une bakoitzean zauden lekuko ospitalera eramatea. Kontuan hartu agian ospitale bakoitzean kontsulta bakarra edo bi egingo dituzula, eta gero ez dute zutaz gehiago jakingo».

Ospitale horientzat ere «zerbait iragankor» dela sentitu du Iruñeko presoak. Areago, poliziek presoa zaintzeko lanetan eragiten duten tentsioa dela-eta gaixoa artatzea izaten dela, sarritan, medikuek buruan duten azken gauza.

Frantziako zein Espainiako espetxeetan egona da Etxeberria. Eta bai batzuetan bai besteetan, antzeko egoerak bizi izan duela kontatu du. «Perpinyako ospitalera kontsulta bat egitera eraman nindutenean, jendarmeek gure autoa pasatzen zen kale eta inguru guztiak itxi zituzten gu igarotzeko; pasilloa egiten zidaten, eta oftalmologoaren bulegora oldarka sartu ziren. Ni berehala hartzeko presio egiten aritu ziren, eta, hainbesteko tentsioa sortu zen, nik ahalik eta azkarrena alde egitea besterik ez zuen nahi medikuak. Baina, noski, txostenean artatu zaitzatela jartzen dute, eta horixe jaso dadila besterik ez dute nahi poliziek». Beste kontsulta batetik probak amaitu aurretik atera zuten gaixoa, «poliziak dei bat jaso zuelako». Halako egoerak «ezkutuko mediku desasistentzia» gisa ditu presoak.

Antzeko gertaerak kontatzen ditu Ibon Fernandez Iradik. Frantziako Lannemezan presondegian dute egun, baina, euroaginduak direla eta, ezagutzen ditu Espainiakoak ere. Bai bateko bai besteko laguntza «desastrea» dela dio Lasarteko presoak. Baina, horrez gain, Espainiakoetan «fede txarra» ere ikusi du.

Edozein kasutan, «fede txarrik» antzeman ez arren, Frantzian ere Etxeberriak kontatutakoen antzeko bizipenak izan dituela azaldu du:«Preso berezi kontsideratzen gaituztenez, kontsultetara segurtasun neurri handiegien artean joan ohi naiz, eta kontsultak ez dira egoera normalizatu batean egiten». Adibidea jarri du Fernandez Iradik: «Azkenekoan, neurologoa oso deseroso zegoen, kontsulta barruan ez dakit zenbat kaputxadun metrailetekin izanda».

«Esklerosi anizkoitza dut». Eta honela azaldu du bere gaixotasuna: «Min handia eta ahulezia sortzen dit gorputzaren ezkerraldean. Eskuinean, sentsibilitate galera». Beste hainbat ondorio ere eragiten dizkio gaitzak: «Lo egiteko arazoak, idorreria, batzuetan pixak alde egitea, neke fisiko eta psikologikoa, gorputz barruan dardara, eta, noizbait, akufenoak. Agerraldia izandakoan ibiltzeko arazoak izan ditut, eta pare bat aldiz geratu naiz aulki gurpildunean. Noski, nire osasun egoerak estresa sortzen dit. Bestalde, tratamendu fuertea dudanez, horrek giharren eta gorputzaren gogortasuna sortu, eta ziatika eragin berri dit».

Gaixotasunak erabat baldintzatzen dio egunerokotasuna. Lannemezan espetxean, euskal presoek ere badute kartzelako kiroldegira joateko aukera, baina gaitzak ezinezko egiten dio lehen eguna arintzen zion ekinaldia. 07:00etan «funtzionarioa pasatzerako» altxatu, gosaldu, ziega garbitu, eta 08:00etan ateratzen da ziegatik. Ibili, errehabilitazio ariketak egin, eta bazkaria prestatzera joaten da.

Dieta berezia eskatzen dio eritasunak, eta ez du erraza sendagileen gomendioak betetzea. Beharrezko dituen elikagai eta osagarriak eskuratu ahal izateko, espetxea «muga» duela kontatzen du, eta, beraz, kartzela «zailtasun handia» duela bere gaixotasuna «egoki tratatzeko».

Eguerdian, giltzapetuta bazkaldu, pixka bat ibili, eta, minek ahalbidetzen diotenean, zerbait idatzi edo irakurtzen saiatzen da, afaria prestatzeko lan luzean hasi arte. 19:00etarako ziega ixten dietenez, orduan afaldu, eta ohera sartzen da ordu batzuk geroago. «Egunaren zati handi bat gaixotasunak jaten dit, laburbildu du: «Errehabilitazio ariketak, bazkari eta afari prestaketa». «Kirola aspaldi utzi nuen minengatik, eta ikasketei kasu egiteko arazoak eman dizkit gaixotasunak, askotan, minak direla-eta ezin nintzelako ikasten jarri».

Tratamenduari dagokionez, Interfon, Gabapentina, Inportal, Stilnox, magnesioa eta B1 zein B6 bitaminak hartzen ditu. Horrez gain, beste osagarri batzuk ere hartzen saiatzen da: propolia, polena, onagra olioa, omega 3, kurkuma eta L glutamina. Eta ez du lan erraza izaten behar duen dietarako elikagai bereziak zein osagarriak eskuratzea.

Gaixotasuna espetxeak zuzenean sortu ez arren, azkartu, gogortu eta larriagotu egin diola esan daiteke. «Nire kasuan, esklerosiak digestio aparatuarekin lotura zuzena du, eta horrelaxe etorri zitzaidan, espetxean harrapatutako gastroenteritis baten ondoren. Elikadura espetxean askotan txarra da, eta presoen artean urtean behin edo birritan izaten dira gastroenteritisak normalean. Bigarren agerraldia ere horrelako gastroenteritis batekin izan nuen».

Beste adibide batzuk jarri ditu Etxeberriak, kartzelak gaitzen sorrera errazten duela ulertarazteko: «Espetxeak ikusmenean nola eragiten duen agerikoa da: espazioa drastikoki murrizten da, ikusmen eremua txikituz». Eta azaldu du bakartze ziegetako egoera dela okerrena: «Ziegak txikiagoak dira, eta, ziegako leihoan, hiru metroko murru bat aurkitzen duzuna, edo metalezko xafla bat, zuzenean leihoko barroteen atzean jarrita».

BIHAR: Osasunerako eskubidea eta espetxe politika.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna