Fukushima. Hondamendi nuklearra

«Izotz hesia» eraikiko du Tokiok Fukushimako isuri toxikoa eteteko

358 milioi euro gastatuko ditu Japoniako Gobernuak larrialdi planean, baina urtebete igaro daiteke abian jartzen dutenerakoEgunero, 400 bat tona ur erradioaktibo isurtzen ditu zentral nuklearrak itsasora

«Izotz hesia» eraikiko du Tokiok Fukushimako isuri toxikoa eteteko.
Ion Orzaiz.
2013ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Izotzezko murruak jarri nahi dizkiote Fukushimari. Zentral nuklearra kudeatzen duen Tepco enpresak orain arte hartutako neurrien «eraginkortasunik ezak» bultzatuta, esku hartzea erabaki du Japoniako Gobernuak eta 2013ko aurrekontuetatik ateratako 47.000 milioi yen (358 milioi euro) gastatuko ditu zentraleko ur erradioaktibo isurketak gelditzeko. Larrialdi plan horren barruan, ikusmin handiena piztu duen neurria «kriogenizazio iraunkor» sistema bat da. Horren bidez, Fukushimaren azpian dagoen lur eremua izoztuko dute, zentralak dituen lau erreaktore nuklearrak isolatzeko.

Gobernuak iragarritako planaren arabera, lau haga txertatuko dira lurrean eta horietatik likido hoztailea isuri 1,4 kilometroko luzera izanen duen «izotzezko harresia» sortzeko. Izan ere, Tepcok berak apirilean argitaratutako dokumentu batean onartzen duenez, zentralaren inguruko mendietatik jaisten den ura lurrazpitik iragazten da, pitzatutako erreaktoreak ukitzeraino. Ura erradioaktibo bihurtzen da orduan, eta Ozeano Barera isurtzen da. Egunean 300 edo 400 bat tona ur erradioaktibo isurtzen direla diote zenbait adituk. Beste batzuen ustez, askoz gehiago izan daitezke.

Hori ez da, alta, Fukushimak duen arazo bakarra. 2011ko martxoaren 11n tsunami batek zentrala kolpatu zuenean, erreaktoreak gelditu zituzten, baina ezin izan zuten tenperatura garaiz jaitsi, eta hiru erreaktore urtu egin ziren. Ordutik, haiek erabat ez hondatzeko milioika litro ur erabili ditu Tepcok —erreaktoreak ukitu bezain laster erradioaktibo bihurtzen den ura— eta hori arazten duten bitartean, tanketan sartzen dute. Milatik gora dira jada zentralaren inguruan pilatzen diren biltegiak, eta horietako batzuetan akatsak atzeman dituzte azkenaldian.

Abuztuaren 22an, esate baterako, 300 tonako isurketa toxikoa aitortu behar izan zuen Tepcok eta INES Istripu Nuklearren Nazioarteko Eskalaren 3. mailara igo zuten Fukushimaren egoera; larriena, 2011ko ezbeharraz geroztik. Orain arte, baina, tantaka baizik ez ditu onartu enpresak azken bi urteetako hutsegiteak, eta isurketa aurretik uste zena baino dezente larriagoa izan daitekeela uste dute hainbat adituk: «Fukushiman erabiltzen ari diren ur kopurua izugarria da, eta okerrena da ur hori alde guztietatik ari dela iragazten: tankeetatik, zentraleko sotoetatik, hodietatik, erreaktoreen pitzaduretatik... Hori guztia neurtzea ezinezkoa da», adierazi du Mycle Schneider energia atomikoan adituak.

Izotzezko hesiarekin gelditu ezin dituzten isuri horiek konpontzeko, bestelako neurriak iragarri ditu Japoniako Gobernuak. Besteak beste, LPSA Likidoak Prozesatzeko Sistema Aurreratua abian jartzeko asmoa agertu zuen Shinzo Abe lehen ministroak atzo. Ur toxikoa «ia erabat» arazten duen sistema da gobernuak atzo aurkeztutakoa: 62 gai erradioaktibo kentzeko gai da, eta prozesuaren ostean, LPSAk garbitutako ur hori itsasora bota ahal izanen dutela esan dute proiektuaren arduradunek, «erradioaktibitate maila normala izanen duelako».

Hainbat talde ekologistak, ordea, sistemaren eraginkortasun mugatua salatu dute, tritioa bezalako gai batzuk ez dituelako kentzen, eta kriogenizazioa ere ez dute begi onez ikusi, urtebeteko epea eman duelako Kajima Corp eraikuntza enpresak sistema berria abian jarri ahal izateko. Ordura arte, isuriek etenik ez dutela izanen salatu dute askok. Japoniako Energia Atomikoko Batzordeko presidenteorde Tatsujiro Suzukik «konplikatutzat» jo du proiektua, eta «neurri iraunkorrak» behar direla gaineratu du.

Gobernuaren pazientzia

Atzoko agerraldian, kritika egin zion Japoniako Gobernuak Tepcori. Bi urtetan, Fukushimako jarioa konpontzeko gai izan ez izana eta «adabakiak jartzen» ibiltzea egotzi zion Yoshihide Suga bozeramaileak zentral nuklearra kudeatzen duen enpresari. Pazientzia agortu omen zaio gobernuari, eta horregatik, «gogor lan egiteko prest da, aferari irtenbidea emateko», Abe lehen ministroaren esanetan.

Nazioarteari begira egin zituen Abek adierazpenok, heldu den larunbatean aukeratuko baitute Buenos Airesen (Argentina) 2020ko Olinpiar Jokoak antolatuko dituen hiria, eta Tokio da hautagaietako bat. «Mundu osoa begira dugu, zentral nuklearra nola desegiten dugun ikusten, eta kutsatutako uraren afera konpontzerik dugun jakin nahi du», gaineratu zuen Abek.

Zentzu berean, Japoniako Gobernuak gutuna igorri die NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeko kideei, Fukushimako isuriek Tokion eraginik ez dutela ziurtatzeko: «Hiriburuko airea eta ura egunero kontrolatzen ditugu eta ez dago arazorik. Tokio segurua da», dio eskutitzak. Hiriburutik 220 kilometrora dago Fukushima.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.