Euskaltegietan moteldu egin da aurreko urteetako ikasle beherakada

HABEk %1,2ko jaitsiera zenbatu du, eta aurreko ikasturteetakoen aldean urria da; Iparraldean eta Nafarroan ere, hobera

Euskaltegietan moteldu egin da aurreko urteetako ikasle beherakada.
arantxa iraola
Donostia
2013ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Argi gorriak» piztuta zeuden euskaltegien sektorean iragan ikasturteetan. «Esaten zen baino kezka handiagoa zegoen», Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak onartu duenez. Matrikulatutako ikasle kopurua, urtez urte, behera ari zen. Ikasturte hasierako balorazioetan, agerikoa zen hori: 2010-11ko ikasturte hasieran28.676 ikasle zenbatu zituzten, aurreko ikasturtean baino %6,33 gutxiago; 2011-12ko hasieran 27.104 izan ziren, %5,48 gutxiago; iaz, 25.183, %7,09 urriago. Jaitsiera agerikoa zen, eta «iraunkorra». Aurten, berriz, urriaren 31n egindako zenbaketaren arabera, 24.872 ikasle ari dira. Beherakada %1,2 da, dezente txikiagoa. «Eta ikasleek matrikulatzen jarraitzen dute», azaldu du Patxi Baztarrikak. Ikasturte osoan, orotara, 32.084 ikasle ariko diren proiekzioa egin dute; iaz 32.379 aritu ziren; beraz, jaitsiera txikia espero dute. Hortik eguneko goiburua, pozerako motibo gisara emana: «Aurreko urteetako jaitsierari frenoa jarri diogu».

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakunde HABEren eta euskaltegien arteko elkarlanari esker —«eskutik joan gara»— egin da aldaketa, Patxi Baztarrikaren aburuz. «Ez gara helmugara iritsi, baina jarduera mota hauetan joerak ez dira goizetik gauera aldatzen». Krisiak eragindako «testuinguru sozioekonomiko gogorrean» beherako joera gainditzeko adina indar izatea sektorearen gaitasunaren erakusgarri dela uste du. «Zoriondu» egin ditu euskaltegiak gizartearen eskarietara egokitzeko egin duten lanagatik, eta, bide batez, HABEk alorra suspertzeko egin duen ahalegina nabarmendu du. «Lehenesten dugun alorra da helduen euskalduntze eta alfabetatzea». Datuak eman ditu hori erakusteko: euskaltegien jarduera finantzatzeko laguntzei eutsi diete 2013an, eta halaxe egingo dute 2014an ere. Halaber, ikasleentzako beken deialdia berreskuratu dute; 700.000 euro bideratuko dituzte aurten horretara, eta datorren ikasturtean 800.000 izateko asmoa dute.

Igarri diote ikasleek gero eta zerbitzu berariazkoagoak eskatzen dituztela, beren premietara doi egokituak. Astean zortzi ordu baino gutxiagoko eskola orduak dituzten ikastaroak dira, esaterako, gaur egun eskatuenak. Ikasleen %47 era horretakoetan ari dira. Euskaltegiek ikasleen beharretara moldatzeko ahaleginean sakontzen jarraitu behar dela nabarmendu du Patxi Baztarrikak. «Euskara ikastea errazten jarraitu behar dugu; euskaltegietako ikasmaterialak eta ikasmetodoak hobetuz, gero eta kalitate handiagoko zerbitzua eskainiz, euskaltegira joateko erraztasunak emanez...». Adinean, apurka-apurka, gora doa ikasleen batez besteko edadea. Nabarmenak dira datuak: 1986-1987ko ikasturtean, 25 urte zen batez bestekoa; 2001-2002koan, 33; aurten, 36.

Ikasleei bidea errazteko jomuga horretan aldaketa bat aztergai dutela gogorarazi du HABEko zuzendari Joseba Erkiziak. Ikasketa prozesuko lehen bi mailak —A1 eta A2 deituak— gainditu ahala, ikasleei nolabaiteko ziurtagiri bat ematea aztertzen ari dira. Ez dute hizkuntz eskakizun berri bat sortzeko asmorik. Baina, zenbait alorretan, ziurtagiri horiek baliagarriak izango direla uste dute: «Gizarteak berak aitortuko die balioa, baina hainbat eginkizunetarako baliagarri izan daitezke». Ostalaritzan ari diren langileen euskara ezagutza maila balioesteko, esaterako, egokiak izan daitezkeela pentsatzen dute. Baztarrikak ere uste du ikasleentzat, oro har, lagungarria izango dela aldaketa. «Ahalegina egiten duen edonori motibagarria zaio egiten dituen pausoak ontzat jotzea».

AEK-ko ordezkariak ere, pozik

Matrikulazioetan izandako joera aldaketari erreparatu diote AEKn ere. Bat datoz Eusko Jaurlaritzak egindako irakurketarekin. Mertxe Mugika AEK-ren koordinatzaile nagusia: «Gurean ere balorazio hori egiten dugu. Buelta eman da. Orain arteko joerari bueltatxo bat eman zaio». Euskal Herri osoan zabalduta dituzte euskaltegiak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako joeraz aparte, beste herrialdeetakoaren berri ere eman dezakete. Pozik, berriro ere: «Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere joera bera eman da, eta hori positiboa da; erakuts dezake euskararen lurralde osoan joera bati buelta eman zaiola. Euskal gizarteak erakutsi du berriro ere euskara ikasteko prestutasun hori». Nafarroan, iazko urriko datuekin alderatuz, igoera %10 izan dela diote AEK-ren datuek; Iparraldean, %7. Zenbakien azterketa xeheagoa ezinbestekoa bada ere, oro har, ikasturte hasiera ona izan dela dio, eta bazter utzi dituztela aurreko ikasturteetako susmo ilunak. «Aurreikuspenetan iragarri baino datu hobeak izan ditugu guk. Gora egin dugu».

IKA euskaltegien datuak ere aintzakotzat hartzeko modukoak dira Nafarroako egoera ebaluatzeko; zazpi euskaltegi dituzte herrialdean. Ikasturte honetako datuak biltzen ari dira oraindik, baina Barañaingo Sahatsa euskaltegiko irakasle Joxerra Olanoren arabera, nahiko ondo joan da dena. «Euskaltegi handietan, behintzat, ez da galerarik izan». Aditzera eman duenez, iaz ja ikusi zuten aurreko urteetako beherakada gainditzen hasiak zirela. Nolanahi ere, sarri sektorearen argazki oso baten falta sentitzen dutela esan du, lagunduko lukeelako ondorioetan fintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.