Basque Team-entzako diru laguntza %20 jaitsiko da

Milioi eta erdi euroko aurrekontua izango du; bekak jasotzen dituzten kirolari eta teknikariei eusten saiatuko da

Imanol Magro Eizmendi.
Getxo
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
BAT Basque Teamek ere nozituko du krisiaren eragina, eta 2013rako %20 murriztu beharko du aurrekontua. Euskadi Kirola Fundazioak, guztira, 1,5 milioi euro izango ditu, eta horietatik 910.000 Jaurlaritzak jarriko ditu Kirol Zuzendaritzaren bitartez. Beste 600.000 euroak babesle pribatuen bitartez lortu dituzte. Jaurlaritzaren diru laguntzatik 826.000 euro izango dira elite mailako bekentzako, eta beken kopuruaren aurrekontu orokorra baino gutxiago murriztuko da: %14.

«Halako albisteak ematea ez da gozoa, baina kirolak ere sufritzen du krisiaren eragina». Hala laburbildu zuen neurria atzo Jon Redondok, Jaurlaritzako kirol zuzendariak. Hala ere, zehaztu zuenez, Kirol eta Gazteria Zuzendaritzak jasango duen baino murrizketa txikiagoa izango da, bere ustez %33 ingurukoa izango baita. Era berean, esan zuen beken batez bestekoa aurrekontua baino gutxiago jaitsi bada «beste gastu» batzuetan aurreztu delako jaitsi dela.

BATek iaz 45 kirolari eta 16 entrenatzaileri eman zien beka. 2012. urtea «arrakasta borobiltzat» jo zuen Redondok. Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan, esaterako, beka jasotzen duten kirolariek sei domina —Eli Pinedok eta Patri Elorzak Espainiako eskubaloi selekzioko kide gisa lortu zituzten— eta sei diploma lortu zituzten.

Aurrerago begira jarrita, BAT Basque Teamek plan estrategiko bat jarriko du abian 2016ko Rio de Janeiroko Jokoei begira. Redondok ez zuen xehetasun handirik eman —aurten aurkeztuko dute—, baina Euskal Herrian jaiotze tasak izandako beherakadari aurre egitea erronka bat dela aurreratu zuen. Patxi Mutiloa aurreko kirol zuzendariak iragarri zuen komeni zela kirol jakin batzuetan zentratzea, baina Redondok ez zuen argitu irizpideetako bat hori izango den.

Omenaldia Lejarretari

Basque Teamek eta Kirol Zuzendaritzak omenaldi xumea egin zioten atzo Iñaki Lejarreta zenari. Fundazioak Getxo duen egoitzako areto nagusia txirrindulari ohiaren izena eramango du aurrerantzean. Lejarretaren alargunak desestali zuen plaka, BATeko kirolarien aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.