«Memoria ez da biktima batzuk gogoratzea eta beste batzuk ez»

Gerrak erasan eta gero urtegi batek estalitako herri batean kokatu du du Joan Mari Irigoienek 'Ur arreak, ur garbiak'

Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Joan Mari Irigoien «bere iturrietara» itzuli da Ur arreak, ur garbiak nobelarekin, Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorearen ustez. «Irigoienen lehenengo nobela Oilarraren promesa izan zen, eta haren kutsu bat badu orain aurkeztu duen lan berriak», Mendiguren Elizegiren ustez, «desarrollismoak dakarren urbanizatze eta eraikitze zoroak jendea bere bizilekuetatik erauztea nola dakarren kontatzen baitu; eta badu Babilonia nobela ospetsuaren kutsurik ere, mundu zahar baten deskribapena eta galbidea erakusten baitu».

Nafarroako Urgain herriko gorabeheren berri emanez osatu du Irigoienek (Altza, 1948) Ur arreak, ur gabiak (Elkar). Fikzioko herria da Urgain —«Jose Antonio Loidi Bizkarrondoren Amabost egun Urgain'en nobelakoarekin zerikusirik gabea», Irigoienek argitu duenez—, eta gutxi gorabehera Esako urtegiaren inguruetan kokatua. Herri horretan arrasto sakona utzi zuen 36ko gerrak, eta urte batzuk geroago herria urpean geratu zen, urtegi baten eraikuntzak azpiratua.

Orain dela hamar urtetik gora udako egun batez Euskaldunon Egunkaria-n argitaratutako ipuin batetik abiatuta sortu du Irigoienen Ur arreak, ur garbiak. «Ipuina idatzi ahala, konturatu nintzen han bazegoela nobela bat osatzeko gaia, hantxe zegoela hazia». Gazteentzako nobela bat idatzi zuen orduan, eta baita sariketa batera aurkeztu ere; baina ez zuen ez saririk ez inolako aipamenik jaso. Mendiguren Elizegi editoreari eman zion nobela, irakur zezan, eta hark «koplarik gabe» esan zion «eskasa» iruditzen zitzaiola. Editoreak esandakoa aintzat hartuz, tiraderan gorde zuen lan hura, harik eta aurtengo martxoan —Orbetarrak trilogia amaitua zuelarik ordurako— berriro ere esku artean hartzea erabaki zuen arte.

Nobela berrirakurtzen hasi eta berehala jabetu zen akatsa «egituran» zegoela. «Hiru plano ditu nobelak. Lehenengo planoan, Leon Iraizoz izeneko gizon batek kontatzen du Urgain herriaren historia. Bigarren planoan, Iraizozek berak eraikitzen du, bigarren pertsonan, zuka, Saturren bizitza; Satur herriko tontotzat hartua da, baina ez da, nire ustez, inola ere tontoa. Hirugarren planoan, balizko idazle orojakile batek herriko hainbat istorio garatzen ditu. Bat-batean jubilatu kuadrilla bat sartzea bururatu zitzaidan, horrek kontakizunari bizitasun handia emango ziolakoan». Bertsio berria idatzi zuen, eta hari baiezkoa eman zion Mendiguren Elizegik.

Horretaz gain, «eszena gutxi batzuk» ere gehitu zizkion bertsio berriari, beharrezkoak iritzita. «Horrela bihurtu nuen, halaber, gazteentzako nobela bat zena jende guztiarentzako... edonork irakurtzeko modukoa baita, nire ustez».

«Nobelaren funtsa eta bizkarrezurra herria da», egilearen ustez, «zuhaitz baten enbortzat ere har daitekeena. Irakurleak horixe aurkituko baitu: mila istorio enborretik ateratzen diren adarrak balira bezala. Istorioak, baina, ur-adarrak bezala ere har daitezke, ubide bakarrera biltzen direnak, ibaia osatzeko: Urgaingo ibaia, denborarekin Urgaingo herria irentsiko duena».

Gerra, trantsizioa eta biktimak

Bertsio berriko erretiratuen oroitzapenen bitartez, 36ko gerraren aurreko, garaiko eta ondorengo kontuak txertatu ditu nobelan Irigoienek, eta liburuaren eskaintzen artean —Joxan Ormazabali eta Itoizko solidarioei egindakoen ondoan— honako hau dago: «Gure osaba Mañueli, frankistek Ezkaba mendian kupidagabeki akatu zutelako».

«Nafarroan gertatu zena ez zen batzuen eta besteen arteko gerra izan», Irigoienen ustez. «Nafarroan batzuek besteak garbitu zituzten. Kuneteroek akatu zituzten gureak». Gerraren garaileen ordezkari goren Francisco Franco Espainiako estatuburua hil ostean egin zena ez dauka benetako trantsiziotzat. «Trantsizioa ez zuen oposizioak egin, frankistek baizik, frankistek nagusiki. Eta haiek zirenak eta ez zirenak barkatu zizkieten beren buruei».

Memoria historikoa aipatzen denean, kontu horiek guztiak gogoan izan behar direla uste du, eta oso kritikoa da biktimei buruz esaten diren kontu askorekin. «Memoria ez da biktima batzuk gogoratzea eta besteak ez. Memoria guztiak gogoratzea da. Memoria ez da batzuei barkamena exijitzea eta besteei ez. Memoria ez da besteak belaunikaraztea».

Irigoienek liburuaren ale bana igorriko die, opari gisa, Arnaldo Otegiri eta Rafa Diez Usabiagari, Bateragune auzian kondenatuen izenean; beste bat Arkaitz Rodriguez «altzatar estimatuari» —hori ere auzi berean kondenatua—;eta beste bat Nicolas Bonnemaison Baionako erietxeko medikuari, eutanasiaren aldeko jarreragatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.