Van Gogh museoa berriz ireki, eta artistaren lantegira bidaia bat proposatzen dute

Mito batzuk hautsi nahi ditu Amsterdamgo pinakotekan zabaldutako 200 laneko erakusketak

Arlesko logela da (1888) ikusgai dauden lanetako bat. VAN GOGH MUSEUM.
Agentziak
Amsterdam
2013ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Vincent Van Goghez (1853-1890) esan izan da, eta esaten da, jenio espontaneoa eta pertsona bakartia zela. Rik van Koetsveld Amsterdamgo Van Gogh museoko kudeatzailea izandakoa, ordea, ez dago ados: «Ez zen izan pentsatzen genuen jenio espontaneoa. Gogotik lan egin behar izan zuen bere artearen teknika eta kolorearen erabilera ulertzeko». Zazpi hilabetez eraberritze lanak egin dituzte Amsterdamgo pinakotekan, eta Van Gogh at work erakusketarekin ireki ditu berriro ateak, eta margolariari buruzko mitoak hausteko asmoarekin, haren lantegira bidaia bat proposatzen du. Datorren urteko urtarrilaren 12ra arte egongo da zabalik, eta Van Goghen eta haren garaikidebatzuen —Henri de Toulouse-Lautrec, Paul Gauguin...— berrehun lan ikusi ahal izango dira.

Artistaren eboluzioa azaldu nahi dute berrehun obra eta beste gauza batzuen bidez —margo ontziak, zirriborroz jositako liburuxkak... eta baita kontserbatzen den margolariaren paleta bakarra, esaterako—. Nola ikasi zuen ofizioa, zein kolore edo material erabiltzen zituen, nola sortzen zituen margolanak... Erakusketan badira areto klasikoak, zeinek oihalak paretan zintzilikatuta dauzkaten, eta beste batzuetan, aldiz, ikusleak berak parte hartu ahal izango du sortze prozesuan.

Badira, gainera, beste museo batzuek Amsterdamgoari utzitako margolanak. Londresko Galleryk Eguzki-loreak lanaren lehen bertsioa eman dio, esaterako, eta ondoren margotutako beste baten ondoan kokatuta dago. Van Goghen bost Eguzki-lore daude munduan, eta denak dira diferenteak. Chicagoko Arte InstitutuakArlesko logela utzi dio, eta Parisko Rodin museoak Père Tanguy-ren erretratua.

Adituek nabarmendu nahi izan dute Van Goghek esperimentatzea maite zuela, buru-belarri lan egiten zuela —zortziehun bat margolan eta mila marrazki egin zituen hamar urtean—, eta kostata ikasi zuela bai marrazten eta baita perspektiba menperatzen ere.

Museoaren 40. urteurrena bete da aurten, eta aurten bertan, hain zuzen ere, 160 urte bete dira margolaria jaio zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.