Errealitatea, ametsen tonuan

Federico Felliniren film zatiak, argazkiak, marrazkiak eta bestelako ia 400 objektu ikusgai jarri dituzte San Telmo museoanZinemagilearen «obsesioak» nabarmentzen ditu 'Fellini. Ilusioen zirkua' erakusketak

Gerald Morin eta Paolo Fabbri, La Dolce Vita-ren kartelaren ondoan, erakusketa aurkezten, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bere filmak ikusita inork gutxik esango luke, baina ia bizi osoa depresioak jota eman zuen Federico Fellinik. Jungen ildoko psikoanalista batek amesten zuen orori buruzko oharrak hartzeko aholkatu zion, eta haren gomendioa jarraitzea erabaki zuen. Zorrotz gainera. 30 urtez, goizean esnatu orduko, arkatza hartu eta gau hartako ametsa marraztu zuen, testu batek lagunduta sarri, hiru liburukote mardul osatzeraino. Amets haietako batzuk bere pelikuletara eraman zituen, beste batzuk ez. Baina film guztietan errealitateari ametsen tonua eman zion Fellinik, eta bere estilo bereziak bihurtu zuen Europako zinemaren aitzindarietako bat.

Marrazkilari trebea zen Fellini (Rimini, 1920—Erroma, 1993). Zenbait egunkarirentzat karikaturak marrazten lan egin zuen Erroman, 19 urte baino ez zituela sorterritik hara joan zenean. Kolore biziz eta patxadaz landutako marrazkietan irudikatu zituen hainbat amets, eta trazu soil eta azkarren bitartez beste hainbat. Zinemarako ere baliatu zuen gerora afizioa, hainbat filmetako eszenak edo aktoreen makillajeak nolakoak behar zuten irudikatzeko, esaterako. Marrazki horietako batzuk ikusgai daude San Telmo museoan, Zinemaldia aitzakiatzat hartuta Donostiara ekarri duten Fellini. Ilusioen zirkua erakusketan. Horiekin batera, haren pelikulen zatiak, argazkiak, kartelak, testuak, garaiko aldizkariak eta bestelako objektuak daude, 400 pieza inguru guztira, museoko erakusgela nagusiko mila metro koadroetan banatuta.

Felliniren unibertsoa eta bere zinemagintzan «obsesio» izan zituen gaiak aurkezten ditu erakusketak, oso modu bisualean. Herri kultura zen bere iturrietako bat; zinemaz, musikaz, komikiez, erlijioaz, komunikabideez edo botereaz zuen ikuspegia azaltzen zen filmetan, eta haien irudiak tartekatzen dira aretora sartu orduko ikusten diren pantailetan. Haiek laguntzeko, filmen kartelak daude alboan, ospe handiena eman zion La Dolce Vita (1960) filmarena tartean, baita argazkiak ere, Iclowns (1971) lanarenak, esaterako. Aretoan aurrera egin ahala agertuko dira kartel gehiago, La strada (1954), Otto e mezzo (1963), Satyricon (1969), Roma (1972)... baita argazki gehiago ere, Amarcord (1973) edo Casanova (1976) lanetakoak, tartean. Haren lanen zatiak erakusten dituzten pantaila gehiago daude aretoan barrura egin ahala; La Dolce Vita-ren hasierako irudiak —kristo gurutziltzatu bat airean daraman helikopteroaren itzal famatua— edo Anita Ekberg eta Marcello Mastroianni Erromako Fontana de Trevin musu ematekotan agertzen diren eszena ezaguna. Felliniren grabatzeko modua ere ikusgai dago Gideon Bachmannek jaso zuen making off batean. 1950eko urteetan Hollywooden ez ezik, Italian ere izarrak sortzen ari zirela erakusten dute garaiko egunkari eta aldizkarietako aleek —haiei argazkiak hartzen zizkieten irudi-lapurrei Fellinik eman zien izena: paparazzi, La Dolce Vita-ko argazkilaria Paparazzo izenarekin bataiatuta—. Halako publikazioek ere izan zuten eraginik bere pelikuletan.

Felliniri traizio eginez

«Fellinik ez zuen gustuko ezertxo ere gordetzea, ez argazkiak, ez pelikulak... haiek egitea zuen gogoko, baina ez zuen ezer ere gordetzen», gogoratu du Gerald Morinek. Ongi ezagutu zuen, urtetan haren zuzendaritza laguntzailea ez ezik, bere idazkari pertsonala ere izan baitzen. Zorionez, haren borondateari «traizio» egin zion, eta 40 urtez aritu zen Felliniri buruzko materialen bilduma egiten, 15.000 dokumentu baino gehiago, zakarrontzira botatako marrazkiak tartean. Zaleek gutunetan bidaltzen zizkioten argazkiak ere gorde zituen, eta haiek ere jarri dituzte erakusketan: aktorea izan nahi zuela esanez idatzi zion gizonarenak; Felliniren eta haren emazte Giulietta Massina aktorearen aurpegiak bihotz batean bidali zizkion zalearenak... Gutunak galdu ziren, baina haiei lotutako istorioak ondo gogoan ditu.

Zinemagileak Erromarekiko zuen maitasuna nabarmendu du Morinek. «Dena Erroman eta Cinecitta-n grabatu zuen. Hitz guztien hiria zen harentzat: Vatikanoa, faxismoa, zentsura... ez zuen gustuko bidaiatzea edo bertatik ateratzea». Erroma erakusten du film gehienetan, eta haren alderdi guztiak jaso zituen ikusgai den La Dolce Vita-ren hasierako eszenan: hiri zaharra, alde modernoa, langile auzoak, aberatsenak... «Iraganekoa modernitatearekin nahastea atsegin zuen, eta errealitatea axola zitzaion, bere irudimenean eraldatzeko». Massinak esan ohi zuen bere senarra gezurti hutsa zela, egia esatean soilik gorritzen zela. Morinek dioenez, «bere gezurra autobiografia handi bat egitea izan zen, bizi izandakoaz baino, sentitutakoaz; horrek ahalbidetzen zion sormena». Hori bera baieztatzen du museoko horma batean idatzia dagoen Felliniren esaldi batek: «Nire oroimena ez dago oroitzapenez osatua. Oroitzapenak asmatzea askoz ere naturalagoa egiten zait».

Horregatik ematen zion errealitateari ametsen tonua, naturalena horixe egiten zitzaiolako Felliniri. Esaterako, filmak dagoeneko koloretan egiten zirenean zuri-beltzaren alde egin zuen zenbaitetan, erreala ez zen errealitate bat erakusten ari zela adierazteko. «Nahiago izaten zuen estudioan grabatu, harentzat pintore baten mihisea bezalakoa zelako, eta bera, guztiaren gainetik, pintorea zen». Via Veneto, esaterako, osorik berregin zuen estudioan, handiagoa eman zezan.

Zinemagilea eta emakumeak

Baina ametsekin batera, emakumeak izan ziren Felliniren obsesio nagusia. Bere ametsetako marrazkietan ez ezik —Anita Ekbergen marrazki erotikoak, Ana bere maitalea irudikatzen dutenak eta Amarcord filmeko Volpina pertsonaiarenak daude ikusgai, beste askoren artean—, filmetan ere protagonismo berezia eman zien beti. Gaiari espazio oso bat eskaini diote erakusketan, beste aretoetan ere emakumeen presentzia nagusi bada ere.

Caixaren Gizarte Ekintza alorrak eta NBC Photographie erakundeak antolatu dute erakusketa, Donostiako Udalarekin lankidetzan eta Riminiko Fondazione Federico Fellini, Federico Fellini pour Le Cinema Fundazioa eta Cineteca di Bologna erakundeen laguntzarekin. Azaroaren 13ra bitarte egongo da ikusgai.

Riminiko Fundazioko zuzendari Paolo Fabbrik Donostian azaldu duenez, Felliniren bizitzari buruzko «anekdota zaparrada» biderkatu baino, haren obra aztertu behar da. «Heriotza proiektu baten etena da, baina halako proiektu bat badugu, Fellini bizi da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.