Kritika. Opera

Askotarikoaren edertasuna

2012ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
'Krol Roger'

Musika zuzendaria: Lukasz Borowitz. Eszena zuzendaria: Mijal Znanietzki. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo.Eguna: azaroaren 24a.

XX. mendeko opera konplexua eskaini digute OLBEketa Poznango Wielki antzokiak: Karol Szimanowskiren Roger Erregea. Izan ere,konpositorea eta Jaroslaw Iwastzkiewietz Euripidesen Bakanteetan oinarritu dira libretoa egiteko baina baita Nietzsche, Freud, Jung eta beste esteta batzuen irakurketetan ere. Beraz, hortik ikuspuntu anitzeko opera dentsoa, iniziatikoa, sinbolikoa, estetikoa eta psikologikoa osatu dute, maisulana lortuz, gainera. Bertan Heraklitoren «elkarren kontrako borroka» eginez, bi zibilizazio, bi erlijio ikuspegi, boterearen bi alde desberdinak eta pertsonengeneroaren bi alderdiak kontrajarriko dira azken sintesira heldu arte, Roger erregeak bere nortasun propioa aurkitu arte. Hala, zilegi da Mijal Znanietzki eszena zuzendariak egin duen irakurketa homosexuala, operaren musika eta libretoa aberatsagoagoa eta anbiguoagoa izan arren. Horretarako ondo aprobetxatu dituantzokiaren neurri zabalak, eta gaur egun suertatzen den eszena minimal etailuna eraiki du:bi planotan jarrita (aurrekoan pertsonaiak eta beirazko erakustokiaren atzean herria), argiztatze egoki eta dotorearekin. Baina, nire ustez, okerrera egin du honetan: ez ditu aprobetxatu libretoak berak hasiera eszenarako eskatzen duen bizantziar kaperaren kokapena —erregearen makaltasuna adierazteko kontrastea— eta dantzek duten adierazgarritasuna —panteismo naturalak duen edertasuna—. Era berean, azaldu ezinekoa da taberna ilun eta ziztrinean kokatzea, bide iniziatikoa bukatzeko denean, hots, azken ekitaldian.

Abeslarien artean, berriz, Mariusz Kwietzien baritono lirikoak oso ondo osatu du erregearen rola eta ahots polit eta indartsuarekin bete du pertsonaiaren izaera aldakorra. Agnietzka Bochenek-Osietzka sopranoak, batzuetan igorpen mugatua izan arren, ziur abestu du eta ondo gauzatu aria eta bigarren ekitaldiko estasia. Asko gustatu zaigu Jose Luis Sola tenorra; haren garbitasuna pasarte guztietan; batzuetan ahots morbidoarekin eder adierazi du behar den sentsualitatea. Goi mailakoa izan da Lukasz Borowitzen zuzendaritza Zsimanowskiren musika behar den moduan ateratzeko. EOSek oso ondo gainditu ditu partiturak dituen zailtasunak interpretazio koloretsua eta zorrotza eskainiz. Konplitu egin dute Bilbao Opera Koroak eta Leioa Kantika Koralak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.