Ezarian. Zientzia

Herio Beltzaren eragilea

Mikrobiologoek uste zutena berretsi dute Kanadako eta Alemaniako ikerlari batzuek: 'Yersinia pestis' bakterioa izan zen izurri beltzaren eragilea. Erdi Aroko eskeletoak aztertuz identifikatu dute mikroorganismo hilgarria.
XIV. mendean milioika lagun hil ziren Europan eta Asian izurri beltzarengatik. Herriak eta hiriak hilerri bihurtu ziren.
XIV. mendean milioika lagun hil ziren Europan eta Asian izurri beltzarengatik. Herriak eta hiriak hilerri bihurtu ziren. NLOGDPOT

Xabier Martin -

2011ko irailak 22
Bost urteko tartean, 1348tik 1353ra, Europako populazioaren herena hil zuen izurri beltzak, izurri bubonikoaren piztaldi batek; 30 eta 50 milioi lagun artean hil zirela kalkulatzen dute. Tubingengo Unibertsitateko (Alemania) Zientzia Arkeologia Institutuko eta Kanadako McMaster Unibertsitateko ikerlariek aspaldiko susmoa berretsi dute orain: Yersinia pestis bakterioak eragin zuen izurri beltzaren pandemia. Proceeding of the National Academy of Sciencies aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren xehetasunak. Azken 600 urteotan bizirik dagoen patogenoa da Yersinia pestis. Ingalaterran hobi batetik ateratako hainbat eskeletotan aurkitu dute bakterioa. Izurri beltzak hildako pertsonen hezurrak izan dituzte aztergai. «Hezur horien DNA lagin batzuk aztertu ditugu», dio Hendrik Poinar ikerlariak. «DNAren markatzaile zehatzak aurkitu ditugu, bakteria jakin horren adierazleak».

Orain arteko beste hainbat saiotan ikerlariek ez dute lortu markatzaile horiek isolatzea, DNA laginak kutsatu egiten baitziren DNA modernoarekin. Kasurako, Frantziako ikerlari batzuek lortu zuten bakterioaren DNA antzematea hobi baten gorpuzkinen hortzetan. Kontua da soilik hildakoen hortz batzuetan azaltzen zela, eta beste batzuetan ez. Horrek nahasmena eragin zuen, eta Yersinia pestis-en ardura erabat argitu gabe geratu zen.

Bizirik dagoen arriskua

«Hobi komunetan dauden Erdi Aroko eskeleto anitz bakterioez inguraturik daude, onddo eta animalien gorpuzkinekin. Landareak ere badira haien gainean; horregatik da hain zaila heriotza eragin duen jatorrizko bakterioaren lagin mikroskopikoak lortzea». Hura isolatzeko teknika berri bat sortu dute ikerlariek; Molekulen arrantza esan diote. Hari esker patogenoaren genoma zirkular bat osatu dute, eta ikusi dute gai genetikoaren zati bat ez dela aldatu azken 600 urteotan.

Gaur egun Yersinia pestis mikroorganismoaren piztaldiak daude mundu zabalean, baina ez dira Erdi Arokoaren neurrikoak, ez eta hurrik eman ere. 2.500 pertsona kutsatzen dira urtero munduan bakterio horrek eragindako gaitzarekin. Lehen orduetan harrapatuz gero, antibiotikoekin aurre egiten ahal zaio. Zientzialariek uste dute Y. Pestis-en beste andui batekoa dela. Azken pandemia handia (hirugarrena) Txinan eta Indian hasi zen (1855), eta mundu zabalera hedatu zen gero (1855-1918). Ordutik endemikoa da animalien artean.

Donostiako Ospitaleko Mikrobiologia zerbitzuko iturrien arabera, «oso zaila litzateke» gure gizartean halako izurri beltza agertzea berriro, «baina ez da ezinezkoa». Ez alferrik, munduan oraindik bada Yersinia pestis bakterioarengatik hildakoak. «2003an OMEk bere txostena argitaratzeari utzi zion. Ordu arteko datuei erreparatuta, 1989tik 2003ra 38.359 kasu antzeman ziren munduan, %80 Afrikan; 2.845 hildako izan zen Y. Pestis tarteko. Kontuan hartzeko modukoa da, beraz».

Alemania eta Kanadako ikerlarien lana ez da amaitu oraindik, argitzeke baitago Erdi Aroko andui oldarkorra bakarra izan zenetz, eta aurrekariak izan ote zituen. «Bakterioaren gai genetiko osoa behar dugu genoma osoa idatzi ahal izateko», dio Hendrik Poinar ikerlari alemanak. «Modu horretan ulertuko genuke zergatik izan zen hain hilgarria; eta garrantzitsuena: etorkizunean berriro piztu daitekeen jakin ahal izango genuke».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna