Maiak Laffageren omenezko antzezpen bat debekatu du

Entzierroaren ibilbidean egin nahi zen uztailaren 3 eta 4an, baina Iruñeko Udalak dio zirkulazioa oztopatu egingo duela

Sanferminetako entzierroaren ibilbidean egin nahi dute Laffageren omenezko antzezpena. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2013ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Aurten bost urte beteko dira Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage hil zuenetik. Uztailaren 3an eta 4an entzierroaren ibilbidean Laffageren omenezko antzezpen bat antolatu nahi zuten haren sendiak eta Astelehen Lilak elkarteak. Dena den, Ignacio Polo Iruñeko Hiri Segurtasuneko zinegotziak debekatu egin du ekitaldia, sanferminetan barruan ez dagoela eta zirkulazioa oztopa dezakeela argudiatuta. Tere Saez Astelehen Lilak elkarteko eledunak gogor gaitzetsi du udalaren jarrera. «Laffageren omenezko antzezpen bat izateaz gain, genero indarkeriari aurre egiteko kanpaina bat ere bada, eta doan aterako litzaioke udalari», azaldu du. «Ez du zentzurik», gaineratu du.

Atzo arratsaldean, antzezpenaren koordinatzaile Sandra Arroniz eta Tere Saez PSN, Bildu, Geroa Bai, Aralar eta Ezkerrako udal taldeekin bildu ziren. Oposizioko alderdiek bat egin zuten Enrique Maiari bilera bat eskatzeko, eta gaia parlamentura eramateko konpromisoa hartu zuten. Dena den, Saezek itxaropena dauka Maiak gogoeta egin eta iritzia aldatuko duela. Iruñeko Bilduk «lotsagarritzat» jo du Iruñeko Udalaren jarrera.

Antzezpenak entzierroaren ibilbide osoa hartuko luke. Arronizen arabera, espazio hori Laffageren istorioa kontatzeko erabiliko dute, baina, sakonean, genero indarkeriaren biktima guztiak hartu nahi dituzte gogoan. Iaz Nafarroako Gobernuak antolatutako Gazteen Arte Topaketak saria irabazi zuen obrak, arte eszenikoen atalaren barruan, eta sanferminen testuingurua erabili nahi zuten gai sozial hori kalera eramateko. Dena den, Saezek ziurtatu du debekuen gainetik obra ikusteko aukera egongo dela.

Saezen aburuz, omenaldiak egitarau ofizialaren barruan egon behar luke, emakumeen aurkako indarkeriaren oroigarri bat delako. Udalak azken bost urtetan sistematikoki gertaera ezkutatzeko jarrera hartu duela dio: «Umeen modura, aurpegia estalita ez da ezer konpontzen. Arazoari aurre egiteko modu bakarra da protokoloak ezartzea eta herritarrak kontzientziatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.