Amets Arzallus. Bertsolaria

«Gailurrak ez du bidea eder egiten»

Azken asterako aurrez pentsatutako lanak eginak ditu Amets Arzallusek. Buruari atseden ematea pentsatua zuen, baina «denbora hutsa» nekagarriago zaio lanean ari denekoa baino.
GAIZKA IROZ

Beñat Zamalloa Akizu -

2013ko abenduak 12

Txapelaren barrenaren karga sinbolikoa «oso kolektiboa» dela eta bertsolaritzaren «mugimendu osoa» abarkatzen duela uste du Amets Arzallusek (Hendaia, 1983). Igandean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean, txapela janzteko faborito nagusietako bat da. Finaletik helburu kolektiboak azpimarratzen ditu. Hala ere, onartzen du «benetako» lehia bat badagoela. Lehia hori «norbere barruko ahaleginen baitan» kokatzen du.

Orain arte txapelketan egindako lanaz zein sentipen duzu?

Gauza guztien gainetik, nahiko konforme nago lan orokorrarekin,baina mikatzetik ere badu pixka bat pasatu dudanak. Beti izaten da normalean. Zaila da denari gozoa irizten. Beharbada, beste txapelketa edo garai batzuetan sentipen orokor homogeneoago bat izaten nuen. Oraingoan asebetetze handi samarra daukat gauza batzuekin, eta nahiko kontrako puntua beste batzuekin.

Zeure burua harritu duzu aurreikusten zenituen gabezia batzuetan hobeto jardunda?

Beharbada, tonu tristexeago batzuetan neure burua hobeto salbaturik sentitu izan dut. Txapelketako umore erregistroan biluziago sentitzen naiz askotan gaiaren aurrean: arma gutxiagorekin neure eskutan. Plazan atera dakidake ongi bilatzen dugun tonu hori, baina txapelketan dezente kosta izan zait tonu hori harrapatzen. Oraingoan, konfiantza nuen, eta ustez nire indarguneena nuen zatia atera zait narras samar, eta ustez eta parterik bihurrienean atera naiz airoso.

Hortaz, ez zaude ados txapelketa honetan oraindik goirik jo ez duzula dioten ahotsekin?

Nik pentsatzen dut leku batzuetan gora arrimatu naizela. Nik neure buruari ikusten dizkiodan gaitasun posibleen artean, leku batzuetan hurbildu naiz gorantz. Ados nago ez dudala saiorik egin goitik erregular. Izan ditut zuloak. Zuloak uzten baldin badituzu, errazagoa da jendeak zer egotzi izatea.

Zenekarren bidea aipatu ohi duzu. Bide horretan, nahi zenukeen lekuan harrapatu zaitu txapelketak?

Uste dut ibilbidean aldiro ertzak ala harriak gehitzen ari naizela nire bideari. Alde horretatik, orain arte baino hobeto sentitzen naiz. Hau laugarren Txapelketa Nagusia dut, 30 urte bete ditut, eta ni gauza gehienetan lehen baino ustez hobeto sentitzen naiz; edo okerrago, behintzat, ez naiz sentitzen.

Arrazoibidean hezitakoa zara, eta hori desikasi nahian omen zabiltza. Zenbateraino desikas liteke hori?

Nik uste nahiko zaila dela, baina lehenengo pausoa kontziente izatea da. Kontziente naizen neurrian, ez dut uste zakartzan adar hori inoiz ebakitzeko adina indar inork baduenik, baina bai pixka bat tolesten saiatzekoa eta beste norabait bideratzekoa. Ez nintzen bertso eskolan bertsotan nerabezaroan hasi. Txiki-txikitatik aitak eskutik helduta eraman ninduen bertso eskolara. Askotan, norbera kontziente izan baino lehen, eskola bat badakar, badakar ahots bat, eta badakar hari bat aukeratzen ez duena. Nakarren erreka batek dezente markatzen nauen bertsolaria naiz. Horren gainean zabiltza edo hori luzatzen duzu, eta hori ebakitzea edo etetea, beharbada, ez duzu nahi; baina erabakiko bazenu etetea, nahiko zaila litzateke.

Nola kudeatzen duzu, orduan, hori?

Nik sentitzen dut nire bertsoetan badela alde bat oharkabean daridana, eta beste bat nik dagidana, askotan ederki kostata. Nik ez dut guztiz nire bertsokera kontrolatzen. Saiatzen ari naiz, kontzientziaren aldera, bigarren alde horretara, makurtzen nire bertsoa, baina uste dut nakarren hari horretatik sekula ezingo dudala erabat askatu.

Bertsokerak eta kantaerak, aldiz, barrura begirakoagoak dirudite...

Bada nire putzu gustukoenetako bat. Guk bukaeraren pisua nahiko handia zen garai batean hartu genuen bertso eskola. Nik esango nuke azken hamar bat urteotan aldatu dela pixka bat hori, eta bukaeraren pisu hori orekatuago dagoela bertsoaren baitan. Gustatzen zait sakontasuna, analisi psikologikoak edo sentiberatasun puntu bat transmititzea, baina askotan sentitzen naiz bertsokera dogmatiko horren karga dezenterekin eta hori deskargatu nahian.

Zerk ez zaizu erakargarri iruditzen txapeletik?

Txapeletik gutxien erakartzen nauena da txapela begiratzea barrua hutsa edukiko balu bezala. Txapelaren bila dabilen pertsona baten irudia ematea da gutxien erakartzen nauena. Txapela, bereziki egun horretan, eguzkiak bete-betean jotzen duen gailurra da. Gailur hori nola ez irrikatu? Noski. Txapelaren edertasuna neure egiten dudan arren, bakoitza bere gailurtxo horien bila doa, ni behintzat neurearen bidean noa. Gertatzen baldin bada txapelerako bidea norbere gailurrerako bidearekin elkartzea, txapela orduan hasten da ederra izaten. Gailurrak ez du bidea eder egiten, bideak gailurra baizik.

Txapela janzteko faborito nagusietako bat zara. Sentitzen duzu txapela janzteko arriskua?

Zure jiran jendearen ilusio hori sentituta, azkenean ilusio hori iristen zaizu. Ikusten dut posibilitate bat badagoela, baina saiatzen naiz gailur horri begiratu gabe orientatzen. Egia da jendeak engainatzen zaituela azkenean, eta etengabe behar duzu esku freno bat, kutsadura gehiegi hori ebitatzeko zeure buruan.

BECeko lehen finalean, «hauxe da bide zuzena / noizbait Baionan jokatu dadin / aurten Barakaldon zena» kantatu zenuen azken agurrean. Azken finalaurrekoa Maulen jokatu ostean, finala Baionan jokatzea gertuago sumatzen duzu?

Nahiko gauza handia bada azken finalaurrekoa Maulen jokatzea, baina, egun batean, finala mugaz honantz aldera —oxala ordurako mugarik ez balego— jokatzeak segitzen du amets bat izaten. Posibleago ikusten dut. Txapelketa beti erne dago, eta sentikortasun hori presente du. Baionan izan liteke egun batean, eta, inork egitekotan, Bertsozale Elkarteak egiten ditu horrelako apustuak. Pentsatzen dut ikusiko dudala egunen batean.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jon Insaust, Josemi Beltran eta Patxi Presa, gaur goizean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Ostiralean abiatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astea

Itziar Ugarte Irizar

Azaroaren 6ra bitarte, 50 proiekzio inguru izango dira: generoko urteko ale nabarmenetako batzuk, klasikoak eta baita beste zenbait jarduera ere. Jaialdiaren egoitza nagusiak Antzoki Zaharra eta Viktoria Eugenia izango dira.

Virginia Woolf idazle ingelesa; jardun betean zegoen 1920. urterako, baina bide oparoago baten atarian oraindik. ©BERRIA

«Negu sasoiko lehen eguna»

Joannes Jauregi

Idazle baten egunerokorik ezagun eta oparoenetako bat izango da Virginia Woolfena, ia bizi osoa eman baitzuen osatzen. Gaur duela ehun urte, astelehenarekin, Woolfek 38 urte zituen; idazle argitaratua zen, baina artean onenak eman gabea. Eta sarrera bat egin zuen egunerokoan.

 ©JON URBE / FOKU

«Tentsioa dakarten lanak falta dira»

Itziar Ugarte Irizar

Formatu bikoitzeko lan batekin itzuli da: 'Unisonoa', lerro bateko poesia liburua eta hamabi soinu pieza. Lengoaia behatzeko eta entzuteko denboratzat du idazketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna