Arte Ederrak kontserbatu eta erabiltzearen alde agertu da Jaurlaritza

Joxean Muñoz sailburuordeak adierazi du eraikina kudeaketa pribatu baten esku ere geldi daitekeela

Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Kultur ondare izendatu ondoren, ezin dezakete Donostiako Arte Ederren eraikina eraitsi. Erabaki horrekin, aukera hori baztertuta gelditzen dela berretsi du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak. Izendapena lehenengo urratsa izan dela adierazi du, eta horren ondoren, hasiko direla hura kudeatzeko lanetan: «Arte Ederren eraikinaren erabileraren eta kontserbazioaren arteko oreka lortu behar dugu». Jaurlaritzak banatzen dituen Gure Artea sarien irabazleak jakinarazteko agerraldian egin zituen adierazpenak atzo, Donostian.

Eraikinaren kudeaketak ez du zertan publikoa izan Muñozen esanetan; aitzitik, alor pribatuko kudeatzaileek ere har dezakete kudeaketa beren gain. «Kultura ondasunen mantentze eta kudeaketa lanek erakunde publikoen esku geratu behar dutela pentsatzeko uste okerra dago». Muñozek gogoratu du nazioartean hala egiten dela antzeko eraikin askorekin.

Jaurlaritzaren erabakiaren inguruan mintzatu da Eneko Goia Donostiako Udalean EAJk duen eleduna: «Jaurlaritzak berak hartu du erabakia, eta berak bermatuko du eraikinaren kontserbazioa, baina hura nola erabili ere Jaurlaritzak zehaztuko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.