Anuntxi Arana

«Euskara izan da nire biziko aurkikuntza»

Antropologoa, feminista, ekologista, abertzalea eta euskaltzalea. Horietan denetan fedea badu. Gauza bakarrari uko egin dio: bere arabartasunari.

Xan Aire -

2011ko urtarrilak 30
Anuntxi Arana 1947. urtean sortu zen, Luiaondon, Aiarako ibarrean. Araban, beraz, administrazioak diktaturik. Anuntxi Aranaren iritziz, ordea, bere sorterria Bizkaian da. Kulturak, geografiak, eta erdarak ere bai Bizkaiko kutsua dauka han. Bere arabartasuna ukatzen du, halabeharrez. Errefuxiatu batekin ezkondu, Belgikan egon, eta Angelun (Lapurdi) finkatu zen 1976an. Geroztik, han dihardu euskal mitologia jorratzen eta, behar denean, hainbat kasketa buruan jartzen.

Angelun euskalduna izatea, utopia garatzea da ?

Ez, euskaldun anitz bada, eta Angelu Zain elkartea ere bai ! Hona iritsi ginenean, euskara entzuten zen. Barnealdeko anitz jende, Baionan lan egiteko etorri denean, hemen finkatu da. Hala ere, jendea ez da gehiegi ausartu euskaraz egitera, eta orain ere ezkutatzen dira.

Ai, betiko konplexuak…

Hemen, euskarak ez dauka prestigiorik. Duela hogei bat urte, euskaldun izatea zen deus ez izatea. Orain, aldaketak badirela iduri luke…

Eta zuk, euskarak baino hobeki laketu duzu hemen ?

Bai, baina euskaldun berria naiz; beraz, ezin esan etxeko euskaraz ez dezakedala egin. Aldiz, Hegoaldekoek esaten dugu etxean garela hemen. Baina besteen begietan, ez gara hala.

Zure etxean, arrotza izatea normala zaizu ?

Euskaldun batek hori esaten balu, oso gaizki hartuko nuke. Baina frantses batek…

Ezjakintasuna onartzen duzu, beraz ?

Bai, eta muga ! Zoritxarrez, muga izan, badela.

Euskal Herria zer da, beraz, mitoa ?

Euskal Herria bada! Baina kolonizatua da. Beraz borrokatzea, ongi, baina jakinez nondik abiatu behar den.

Eta mitoak gelditzen dira oraindik ?

Bai! Batzuek esaten dute Euskal Herria matriarkatua izan dela, politikoki, eta hori egia dela erakutsi nahi dute mito tradizionalen bidez. Nik ez dut hori sinesten. Ez dut uste parekotasun politikorik edo sozialik denik gure mitologia zaharrean. Ez eta sexuen arteko berdintasunik. Baina batzuk hori sinesten dute, eta hori da mitologiaren gainean eraikitako mito modernoa.

Hara, zer moda mitologiarekin…

Bai, gure historiaren parte bat da. Transmisioa liburuetan fosilizatua da, baina liburu horiek erabili behar dira. Bilduma klasikoetan finkatu behar da. Gero, melengeria asko sartzen da haurren egokitzapenetan, eta, hizkuntza aldetik ere, gauza asko galtzen da bidean.

Euskal Harry Potter bat ateratzen baldin bada, zer ?

Ez dakit... gure mitoak industriaurreko jendartean kokatuak dira. Hala ere, obra batek neure buruarekin kontraesanean jartzen nau: Xabinaitor-ek. Mari gaur egungo abenturan kokatua da, eta izugarri maite izan dut hori! Ez baita egokitzapena.

Eta Mari Euskal Herri modernoko jainkosa balitz, gizartean zerbait alda lezake ?

Segur aski alderantziz pausatu behar da gauza: jendartea nolako, dibinitatea halako. Andere handiak sozietate errealean diren emazteen arabera pentsatuak dirateke, haien isla edo, hobeki esanda, emazteei lotzen zaizkion kalitateez jantziak. Kalitate horiek kategoria sexistetan oinarrituak dira, eta ez batere egokiak agintea praktikatzeko.

Baina Mariren kasuan, jainkosa nagusia da…

Irudika daiteke antzinako Euskal Herrian holako andere baten inguruko erlijioa, baina entelekia bat dateke, modelorik ez duena.

Ez luke Marik ere emazteen kontrako bortizkeria konponduko, beraz…

Hori jendarte mailako gatazka da, nahiz eta jendeak ez hala uste izan. Anitzetan erraten da bortizkeria arazo pribatua dela, eta kanpotarrek ez dutela horretan sartzerik. Alta, gure printzipio bat da kalera ateratzea krimena salatzeko. Familia drama izan daiteke, ados, baina sistema batek toleratzen duen krimena ere da.

Feminismoa da, irudizko adieran, zure erlijioa ?

Emazteen historia odoltsua da. Baina beti borroka egingo dugu, emaztetasuna ez da galduko. Euskara, haatik... Eta hori izan da nire biziko aurkikuntza. Euskarara konbertitu naiz. Sekulako hizkuntza da, sekulako edertasunak ikusten dizkiot, bertute berriak. Eta zoragarria da !

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna