Jolasean, aterpean

Irungo Ficoban jarri duten Eguberrietako haur parkean, jolasteko ez ezik, ikasteko jarduerak ere badaude. Urtarrilaren 4a arte egongo da zabalik.

3 eta 14 urte bitartekoentzat jarri dute parkea Ficoban. ANDONI CANELLADA / ARP.
Nagore Rodriguez.
Irun
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Kalean egoteko gogo gutxi ematen zuen atzoko eguraldiak, eta, horregatik, beharbada, haur askok Eguberrietarako prestatu dituzten jolas parkeetan aurkitu zuten aterpea. Irungo Ficobako hirugarren pabiloian bildu ziren arratsaldeko lehen orduan haur gehienak. Oraindik ez zen jende multzo handirik pilatu, eta, beraz, hara bildutako haurrek ilararik egin gabe behin eta berriz atrakzio gustukoenetan ibiltzeko aprobetxatu zuten. Txoke autoak, Disney trena, ohe elastikoak eta beste jarri dituzte hirugarren pabiloian.

Baina Ficobako parkeak eskaintza oso bat prestatu du 3 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzat; jolasteko ez ezik ikasteko ere balio duten jarduerez osatua. 5.000 metro koadro hartzen ditu parkeak, hiru pabiloitan banatuta.

Lehen pabiloian daude jolas eta jarduera gehienak. Partxisaren koloreak erabiliz, lau gune bereizi dituzte. Gune berdea ingurumenarekin dago lotuta; letxugak landatzeko eta material birziklatuarekin tenisean eta zesta puntan aritzeko aukera dute gaztetxoek. Osasunarekin lotu dute gune gorria. Anbulantzia bat ere eraman dute, eta hark erakartzen du gehien haurren arreta. Munduko jolasak ezagutu eta haietan aritzeko aukera dute lankidetzari eskainitako gune urdinean. Eta, azkenik, gune horian, generoa alde batera utzi, eta neska eta mutikoen berdintasunaren alde egin nahi dute. Horregatik, haur guztiak joko beretara jolastera bultzatu nahi dituzte. Garai batean generoarekin lotuta zeuden jolasak jarri dituzte horretarako: txapak, kanikak, goma, sokasaltoa... Eta guztiek denak probatu ditzaten nahi dute, generoa kontuan izan gabe.

Bigarren pabiloian hainbat enpresak jarritako txokoak daude, tartean dago sei metroko altuera duen txirrista erraldoia.

Jolasek ez ezik, euskarak ere izango du tartea Eguberrietako parkean; ahalegin berezia egin dute horretarako Ficoban: «Irudipena dugu horrelako parke handietan ez zaiola arreta berezirik ematen euskarari; horregatik, aurten, lehendabiziko hitza euskaraz egin dadila bermatu nahi dugu», adierazi dute parkeko antolatzaileek.

Jarduera horiekin guztiekin gozatu ahal izango dute gaztetxoek urtarrilaren 4ra arte. Atzo zabaldu zuten parkea, eta, itxi bitartean, lagun ugari espero dituzte. Arratsaldez bakarrik irekiko dute, 15:00etatik 20:00etara. Sarrerak zazpi euro balio du 14 urte bitarteko gaztetxoentzat, eta helduentzat, berriz, bost euro. Bi urtez beherakoek sarrera doan izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.