Amaiurko gaztelua, zutik

Nafarroako Erresuma berreskuratzeko saioa garaitu, eta eraitsi zuten Amaiurko gaztelua Gaztelako tropek; eraikina berriz zutik ageri duen maketa bat jarri dute orain herrian.
Amaiurko gaztelua irudikatzen duten maketa eta erreplikak egin ditu 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak.
Amaiurko gaztelua irudikatzen duten maketa eta erreplikak egin ditu 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak. JAGOBA MANTEROLA/ ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz Iruñea -

2011ko abenduak 28
Luzea da Amaiurko gazteluaren itzala oraindik ere (Nafarroa). Ikur moduko bat da. Nafarroako Erresuma berreskuratzeko saiorik ezagunena hartu zuen 1522an, baina Gaztelako Erresumako gudarosteek irabazi zuten bataila. Eraikinaren erdirainoko tunel bat egin, bolboraz bete, eta eraitsi egin zuten. Hondarretatik berpiztu nahi izan dute orain. Zutik ikusi nahi izan dute gaztelua 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimeneko kideek, eta maketa bat sortu dute eskalan, herriko baselizan erakusteko. Herritarrek gazteluaren hondarretara antolatu dituzten bisita gidatuetan lagungarri izango delakoan. «Biziberritu egin dugu gaztelua», dio Sergio Iribarren ekimenaren bultzatzaileetako batek. «Orain arte gure iruditerian laino artean zegoen gaztelu horri betiko argia eman diogu».

Lehenago ere erakutsia zuten gazteluaren maketa. Martxoan Amaiurren bertan izan zen, adibidez, sortu berritan, Lizarran ere bai Pedro mariskalari egin zitzaion omenaldian, eta Durangoko azokara eraman zuten gero. Orain, Amaiurko baselizan egingo du geldialdia. «Hondarrak ikusi, eta azalpenak entzunda ere, jendeak maiz ezin izaten du gazteluaren irudirik egin, eta horretan lagundu nahi genuke maketarekin».

Iñaki Sagredo historialariaren lana eta Aranzadi elkartearen indusketak erabili dituzte maketaren oinarritzat. Nafarroako Erresumako gaztelu nagusiak ikertuak ditu Sagredok, baita Amaiurkoa ere. Liburu bat idatzi zuen hari buruz, eta han bildutako XVI. mendeko dokumentuak eta Aranzadik udaro egiten dituen azterketak hartu dituzte gotorlekuaren berreraikuntza sortzeko oinarritzat. 1522an gazteluak zuen itxura da maketak erakusten duena.

Halere, litekeena da akatsen bat egotea. Iribarrenek aitortzen du aukera hori: «Badakigu inperfektua dela, gaur arte egindako ikerketa eta indusketa guztiak errespetatuz egin dugu, baina gerta liteke hurrengo udako indusketen ondoren, agian, moldaketak egin behar izatea. Gure helburua guztiz bestelakoa zen, halere. Guk, Amaiurko gaztelua berriz altxatu nahi genuen, Nafarroako independentziaren aldeko borrokalarien azken gotorlekuetariko bat izan baitzen, eta lortu dugu». Izan ere, hondar batzuk baino ez dira gelditzen egun, eta horregatik martxan dira oraindik ikerketak.

Etxerako moduko erreplikak

Gazteluaren eskalako erreplika txikiak ere egin dituzte, 14 x 8 x 8 zentimetrokoak; etxera eramatekoak. Ekimenak Iruñeko Mañueta kalean duen egoitzan jarri dituzte salgai, 20 euroren truke. Harrera ona izan du orain arte ekimenak, Iribarrenek dioenez, eta «gogotsu» ikusi du jendea. Esker onez. «Niri pasatu zitzaidan maketa lehenengoz ikusi nuenean, eta, nonbait, jende gehiagori ere gertatzen zaio. Harridura sortzen du gaztelua osorik eta zutik ikusi ahal izateak, bakoitzak gure baitan genuen ideia kontrastatzeko orain arte hondarrak baino ez ditugulako izan». Jendeak bazuen irudi gosea. «Lehen ere marrazki eta plano eske etortzen zitzaigun jendea; orain, hiru dimentsioko erreplika hau daukagu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna