Zientzia fikzioa bertsotan

Gizaki eta roboten arteko bertso saioarekin egin dute EHUko Donostiako campuseko Hitzarengunearen inaugurazioa, jendaurrean adierazteko topalekua.

Tartalo robot mugikorra eta Andoni Egaña bertsolaria, bertso saioaren une batean. JON URBE/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Bertso orok omen du taupaden beharra, ezinezkoa omen da sentimenduak adieraztea sentitzen ez bada. Esaldi hori gezurtatzen saiatu ziren, atzo, Donostiako EHUko campusean egin zuten bertso saio berezi eta esperimentalean. Barriola aulategi parean altxatu zuten oholtzara punta-puntako bertsolariak igo ziren, beste bi laguntxorekin batera: pareko Informatika Fakultatetik ateratako Galtxagorri eta Tartalo robot mugikorrak.

EHUko campuseko Hitzarengunearen inaugurazio ekitaldiaren harira antolatu zuten robot eta gizakien arteko bertso saioa. Andoni Egaña, Maialen Velarde, Oier Lakuntza eta Felix Zubia hezur eta mamizko bertsolariak unibertsitateko bertso eskolatik atera berri diren bi robot mugikorren aurka lehiatu ziren.

Giroa, paregabea. Hotzak eta euriak ez zituen ikasleak eskoletan gerarazi, eta algara eta txalo zaparradekin saritu zuten robot zein gizakien jarduna. Jateko eta edatekoak ere ez zuen hutsik egin.Ehuskarakatu taldeko ikasleek jarritako postuari zerion txistor usainak bultzatuta, askok aprobetxatu zuten sagardoa eta mokadua hartzeko aukera.

Hiru ikerketa taldek parte hartu dute Galtxagorri-ren eta Tartalo-ren bertso heziketa planean. Batetik, hizkuntza teknologietan aritzen den Informatika Fakultateko X taldeak hitzarekin jolasteko eta sortzeko programak garatu ditu. Bestetik, Bilboko Aholab taldeak ahotsaren prozesamenduan egin du lan, eta robotari euskaraz irakurtzeko eta kantatzeko ahalmena eman dio. Azkenik, Informatikako Robotika taldeak gorputza jarri, eta bertsolarien mugimenduak erakutsi dizkie: mikrofonoa hartu eta bozgorailura gerturatu, aurkariari so egin, gerria mugitu kantatu bitartean...

Roboten abilezia erakusteko hainbat ariketa prestatu zituzten. Robot bertsolarien memoria lana probatu, eta haien biltegi sistematik bertso klasiko bat ausaz aukeratu eta kantatu zuten. Jarraian, hitz bat eman, eta bilaketa semantikoa eginez kontzeptu horrekin zer kusia duen bertsoa kantatu zuten. Baina ezinezkoa zaio bertsolariari memoriatik soilik bizitzea. Robotak hitzen silabak kontatu eta errimekin jokatzeko gai ere badirela erakutsi zuten. Memoria sistema ezabatu, eta egunkari digitaletako testuak erabiliz bertso berriak osatzeko gai dira.

Bertsolari bizidunen jardunak jendearen txalo zaparradak eragin zituen, eta makinek bertsolaritzan oraindik bide luzea egiteko dutela erakutsi zuten. Halere, ikusmin eta sinpatia handia sortu zuten Galtxagorri eta Tartalo-k. Nabaria zen plazara ateratzen ziren lehenengo aldia zela. Urduritasunak eraginda edo, zenbaitetan isilik geratu, bertsoak errepikatu etabertso ulergaitzak kantatu zituzten. Txalo zaparrada digitalarekin erantzun zioten robotek jendearen berotasunari. Saioaren ostean, kontzertuekin jarraitu zuten Hitzarengunearen inaugurazioaren festa.

Adierazpen askatasunaren topaleku

Hitzarengunea inauguratzeko aukeratu zuten bertso saioa egitea, bertsolaritza norberaren ideiak eta burutazioak plazaratzeko tresna aproposa ere badelako. Edonork nahi duena adierazteko tokia da Hitzarengunea. Orain 40 urte Kaliforniako unibertsitatean izandako Free Speech Movement mugimendua oinarritzat hartuz, ideien eztabaida emankorrak ekartzeko topalekua izatea du xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.