Ezin izan dute onik atera

Donostiako Kontxan lehorreratutako balea hondartzan bertan hil da. Gaur goizean aterako dute handik, nahiz eta oraindik ziur ez dakiten gorpuarekin zer egin.

Adrian Garcia -

2012ko abenduak 7
Gaixo edo ondoezik daudenean sakonera gutxiko eremuetara hurbildu ohi dira baleak. Ahul daude, eta ezin dute aurrera jarraitu. Leku itxi baten bila gerturatu ohi dira, itsasaldi bizirik gabe indarrak gorde eta lasaiago egon ahal izateko.

Ziurrenik horixe berbera gertatuko zitzaion atzo goizaldean Donostiako Kontxako hondartzan lehorreratu zen baleari, Ilazki Goenaga Ambar Itsas Faunaren Ikerketa eta Kontserbazio Elkarteko biologoak azaldu duenez. Uretatik at, animaliaren pisuak birikak zapaldu, eta baliteke itota hil izana. Hala ere, heriotzaren arrazoiak jakiteko nekropsia egin arte itxaron beharko dutela argitu du Ambarreko kideak.

Ia hamazazpi metro luzeko zere arrunta zen. Mota horretako balea helduek hogei metrotik gorako neurria dute, horregatik uste du Goenagak balea gaztea zela. Pisatzeko aukerarik izan ez duten arren, hamabost bat tona pisa dezakeela uste dute. Argal ikusi du Goenagak balea, gaixo egon zitekeen seinale. Ez dute jakin ahal izan balea arra edo emea den; balea altxatu arte itxaron beharko dute horretarako.

Hondarretan lehorreratu denean oraindik bizirik zegoen balea. Itsasora itzultzen saiatu diren arren, handik gutxira hil da, eguerdi inguruan. Zauri batzuk ikus zitzaizkiokeen azalean. Goenaga hondartzara joan da albistearen berri izan bezain laster, eta animalia aztertu ahal izan du. Biologoaren arabera, zauri arinak ziren. «Animalia hauek azala oso sentibera izaten dute, eta hondar, arroka edo zerbaiten kontra jotzean azala segituan altxatzen zaie».

Alboko hegatsaren aurrean bazuen orbain bat, baina aspaldikoa zela dio Goenagak. «Ez diogu ikusi heriotza ekar zekiokeen zauririk». Garabiekin altxatzen dutenean azpian zauririk ba ote duen ikusi ahal izango dute.

Nekropsia egin eta balea irekitzea gustatuko litzaioke Ambar elkarteari, gaixotasuna zerk sorrarazi dion jakin ahal izateko. «Plastiko bat izan dezake urdailean, edo parasitoz betea egon daiteke».

Marea aprobetxatuz, gaur goizean aterako du udalak balea hondartzatik, indar handiko bi garabiren bidez, eta kamioi batean sartuko dute. Hortik aurrerakoa ez dago argi. Bi aukera darabiltza udalak esku artean. Batetik, udalaren lur sail batean lurpera dezakete. Bestetik, udalak jakinarazi duenez, Luarcako Txibi Erraldoiaren museoak (Asturias, Espainia) animalia eskuratzeko nahia azaldu du. Bigarren aukera hori aurrera eramateko garraiorako beharrezkoak diren baimenak lortzean datza zailtasuna.

Ikusmin handia sortu du balearen lehorreratzeak. Jende andana bildu da hondartzan balearen inguruan, eta askok argazkiak egiteko aukera aprobetxatu dute. Udaltzainek eremua inguratu dute, baleak gaixotasunen bat izango balu arriskutsua izan baitzitekeen gerturatzea. Malekoitik begira geratu dira asko eta asko. Jendea kontrolatzeko lanak izan dituzte udaltzainek, batzuk hesia gainditu eta balea ahal zen gertuen ikusten tematuta baitzeuden.

Herenegun, kostatik gertu ikuskatu zuten balea sorospen zerbitzuek. Goenagaren arabera, kostaldean baleak ikuskatzea ez da arraroa. «Gure kostaldean badaude baleak, bertan dauzkagu, baina kostara horrenbeste gerturatzen direnean zerbait ondo ez doakien seinale da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna