Onenen artean oraindik

'Restaurant' aldizkariaren zerrendan, hamar jatetxe onenen artean jarraitzen dute Mugaritzek eta Arzakek; Adurizen jatetxea, baina, postu bat jaitsita, laugarrenera igaro da.

Juan Mari Arzak eta Andoni Luis Adurizen jatetxeak munduko onenen artean daude. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Nagore Rodriguez.
2013ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ez zen gau ona izan atzokoa euskal sukaldarientzat Londresen. Gastronomiako Restaurant aldizkariak munduko 50 jatetxe onenen zerrenda aurkeztu zuen, eta euskal sukaldariek ez zuten aurreko urteetako zorte onik izan: Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxeak postu bat behera egin du, hirugarrenetik laugarrenera pasatu da. Juan Mari Arzakek, berriz, azken urteetako zortzigarren postua mantentzea lortu du. Onenen artean jarraitzen dute biek, beraz. Zerrendan dauden gainontzeko euskal sukaldari gehienek ere ez dute posturik igo. IƱaki Aizpitartek Parisen duen Chateaubriand jatetxea 15. postutik 18. postura jaitsi da, eta Bittor Arginzonik Axpen duen Etxebarri (Atxondo, Bizkaia) 31. tokia utzi eta 44. tokira igaro da. Postu batzuk gora egin duten bakarrak Mikel Alonso eta Bruno Oteiza dira, Mexikon duten Biko jatetxeak zazpi postu igo ditu, 38tik 31ra.

Zerrendaren gailurra ere aldatu egin da. Lehen bi postuak irauli egin dira. Joan, Jordi eta Josep Roca anaien Gironako El Celler de Can Roca bigarren postutik lehen postura igo da, Rene Redzepi daniarrari tokia kenduta; eta bigarren postura jaitsi da Redzepiren Kopenhageko Noma jatetxea. Hirugarren postua Italiako jatetxe batek lortu du, Massimo Botturaren Osteria Francescanak.

Entzutetsua eta kritikatua

Zerrenda osatzeaz gainera, emakume sukaldari onena nor den erabakitzen du Londresko aldizkari prestigiotsuak. Duela egun batzuk jakinarazi zuten Nadia Santini sukaldari italiarrarentzat izango zela aurtengo Veuve Clicquot saria. Berritzeko duen gaitasunarengatik eta sormenarengatik erabaki du epaimahaiak Santini saritzea. Baina berrikuntzarekin batera, sukaldaritza tradizionala ere lantzen du Dal Pescatore jatetxean, Mantuako sukaldaritza tradizionala eskainiz. Munduko jatetxerik onenetakoa da Dal Pescatore, eta Michelin gida ere ohartu zen horretaz; horregatik, gida gorriak hiru izar eman zizkion 1996an.

Baina ez dira horretan bukatzen saridunak. Izan ere, ibilbide oparoa duten sukaldariak ere izaten dituzte aipagai. Aurten, Alain Ducasse sukaldari frantziarraren ibilbidea omendu dute.

Sari horiek guztiak ezagunak dira oso Euskal Herriko sukaldarientzat. Iaz Elena Arzakek jaso zuen emakume sukaldari onenaren Veuve Clicquot saria. Eta urtebete lehenago, haren aita saritu zuten ibilbidea aitortzen duten sariarekin.

Entzutetsua bihurtu da azken urteetan Londresko Restaurant aldizkariak egiten duen zerrenda. Baina ospearekin batera, kritikak ere iritsi zaizkio, batez ere, zerrenda osatzeko erabiltzen duen metodoarengatik. Baina aldizkariak, bere sinesgarritasuna aldarrikatzeko, argi azaltzen du zein metodo erabiltzen duen: zerrenda osatzen 900 gastronomia adituk baino gehiagok parte hartzen dute, mundua 26 eskualdetan banatuta daukate, eta eskualde bakoitzean 36 kide daude. Taldeko kide bakoitzak zazpi jatetxe aukeratzen ditu; botoa emateko baldintza bakarra bete behar dute: jatetxe horretan egon behar izan dira, behin gutxienez, azken 18 hilabeteetan. Ekitaldiaren babesleek ez dutela botorik ematen ere azpimarratzen du aldizkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.