Bainulariak ur ertzean

Zortzi urte daramatza New Yorken Beñat Iglesiasek artea eginez. Pinturari urte asko eskaini badizkio ere, haren eskultura bat jarri berri dute Manhattango Riversiden ikusgai.

Beñat Iglesias artista, berak egindako The Bathers eskulturaren erdian. GARIKOITZ UDABE.
New York
2013ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu ostean, Mexikon denboraldi bat pasa eta Iruñera bueltan ezagutu zuen Beñat Iglesias gazteak (Iruñea, 1979) Mikel Esparza margolaria. Urte askoan New Yorken bizi izandakoa izanik, Atlantikoa gurutzatzera animatu zuen Esparzak 2005ean.

«Hasiera batean nire pinturaren teknika hobetzera etorri nintzen», argitu du Iglesias iruindarrak, «baina gero dena garapen bat izan da, eta modu praktiko batean, beharrak eskatuta aldatzen joan da». Hiru dimentsiotan artea egiteak bultzatuta, eskultura lantzen hasi zen, eta egun argazkilaritzarekin ere oso interesatua dago. «Adierazi nahi dudanaren arabera, diziplina bat edo bestea aukeratzen dut, eta uste dut hala lan egitea gustatzen zaidala, aldatuz».

New York hirian aurrera egitea gogorra dela aitortu du, baina zortea izan duela dio: «Hemengo sari bat, hango beste bat, diru laguntza edo beka bat, koadro bat galeria batean erakutsi eta saldu, eta aurrera egin dut». Azkeneko lorpen handia, hark egindako The Bathers eskultura Hudson ibaiaren uren ertzean urtebeterako jartzea, Riverside izeneko eremuan, Manhattanen.

Lau bainu hartzaile

New Yorkeko Arte Ikasleen Elkartearen proiektua da Model to Monument izenekoa, eta espazio publikoetarako arte publikoa sortzea da helburua. Parte hartzeko baldintzetako bat elkartearekin harremana izatea da. Beñat Iglesias bertako irakasle batentzat lanean dabil, eta hark proposatu zuen izena. Hogeita hamar lagunen lan proiektuetatik lau estatubatuarren, bi japoniarren eta iruindarraren lanak aukeratu ziren.

Lau bainu hartzaileren figurez eta itsasontzi batez osatua dago Iglesiasen eskulturaren konposizioa. «Eskulturaren kokalekua ibai ondoa izanik, gaia bururatu zitzaidan, eta begira hasi nintzen», dio Iglesiasek. George Seurat, Matisse, Cezanne eta Picassok bainu hartzaileen inguruan egindako pinturak izan ditu inspirazio iturri neurri batean, baita joan den mendeko New Yorkeko ur ertzetako bainularien hainbat argazki zahar ere. «Gero ez dago halako erlazio esturik nire eskulturako pertsonaia guztien eta koadro horietan ikus litezkeenen artean», aitortu du, «baina adibidez, eserita, urrutira begira balego bezala agertzen den figura Seuraten koadro batetik hartutakoa da». Begirada galdua duen lagun horri zutik dauden beste bik laguntzen diote. Igeriketako txapela buruan, uretatik atera berri direla dirudi; toaila banatan bilduta daude, eta, aurpegiko espresioari begiratuz gero, hotzak daudela dirudi. Laugarrena bi hankapalo edo arraunen gainean dago altueran, eta eskuekin urrunera, ibai aldera keinuka ari dela dirudi.

Eta, lauren erdian, entretenimendurako edo emergentziarako erabiltzen den txalupa bat izan litekeena. «Etorkinen gaiarekin jolas egin nahi izan dut txalupa eta laguntza eskatzen ari den figuraren bitartez», zehaztu du Iglesiasek, «baina nahiago dut inolako istoriorik ez dagoela esatea eta ikusleak nahi duena imajinatzea».

Horretarako aukera ematen du eskulturak. Eta norberak buruan duen istorio horren partaide bilakatzeko ere bai. Hurrengo urtebete osoan egin ahal izango da hori Hudson ibaiaren ertzean. 365 egun horietan, Iglesiasek sorkuntza lanean jarraituko du lorik egiten ez duen hirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.