Aniztasuna, gogoeta iturri

Aniztasunari buruzko eztabaida eta gogoeta sustatzeko, dokumental bat aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak: 'Gu, jatorri anitz, herri bat'. Hilaren 8an estreinatuko da.

Elementu sinboliko gisa, kaxek garrantzia dute dokumentalean, neurri berekoak baina kolore desberdinetakoak baitira. BERRIA.
jon eskudero
Donostia
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Aniztasuna ez da mehatxua, ez da elkarbizitzarako oztopoa; aitzitik, aberasgarria da, eta kudeaketa egoki baten bitartez, elkarbizitzarako elementu bihur daiteke». Kudeaketa egoki hori lortu nahian, bada, dokumental bat sortu du Juanba Berasategi zinemagileak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekinbidez. Gu, jatorri anitz, herri bat izeneko dokumentalak aniztasunari buruzko eztabaida eta gogoeta sustatzea du helburu, eta galdera bat planteatzen du: nola kudeatu behar dugu gure aniztasuna kohesio elementu izan dadin? «Jatorri askotako hainbat ahots elkarrizketatu ditut, baina erantzunik ez dut jaso. Dokumentala ikustean gogoetari tartea irekitzea dut xede», adierazi du Berasategik. Hilaren 8an estreinatuko da lana, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan.

Marcos Nanclares Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun zuzendariaren esanetan, Gipuzkoa eta Euskal Herria oso aniztunak dira jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta identitateari dagokionez, baina «aniztasun hori kudeatu beharra dago». Haren arabera, Foru Aldundiak oso argi du aniztasuna balio positiboa dela eta kudeaketa dela gakoa. «Herria aniztasunetik eraiki beharra daukagu: elkarren ezagutza, berdintasuna, parekidetasuna, elkarlana eta elkarren aitorpoena dira giltzarriak. Dokumentala lan tresna bikaina da horretarako».

Dokumentalean mota guztietako iritziak ageri dira, aniztasunarekin nolabaiteko lotura duten hainbat pertsona azaltzen baitira. Berasategik aitortu du hainbat jatorritako herritarren irudiak eta ahotsak jasotzeko ahalegina egin duela eguneroko bizitzarekin lotutako elkarrekintza guneetan. «Aniztasunaren jabe egiteko ez dago oso urrutira joan beharrik. Edozein herritan eta auzotan aurki daiteke aniztasuna, eta nik errealitate hori eraman dut pantailara». Besteak beste, bizimodu erabat desberdina daramaten pertsonak dira protagonista dokumentalean. «Esate batera, Oreka TX taldeko musikari bat agertzen da, oso ongi ezagutzen baitu aniztasuna. Mendi lasterketetan aritzen den Saharako kirolari bat ere azaltzen da».

Dokumentalean, gehienbat, euskara da hizkuntza nagusia, «elkarrizketatutako hainbat atzerritarrek euskara ere badakitelako», baina beste hizkuntza batzuk ere ageri dira. Elementu sinboliko gisa, kaxek garrantzi handia dute. «Kolore askotako baina neurri bereko kaxekin puzzle bat eraikitzen azaltzen dira hainbat lagun. Azken finean, Euskal Herria ere halaxe ari gara eraikitzen, herritarren partaidetzaz». Lanari freskura emateko, animazioa erabili du Berasategik.

Hainbat herritan ikusteko aukera

Dokumentala datorren asteartean ikusi ahal izango da lehenengo aldiz, baina haren erabilera ez da bere horretan geratuko. Izan ere, Foru Aldundiak hitzarmen bat egin du Gipuzkoako hainbat udaleta gizarte eragilerekin. «Aniztasunari buruzko gogoeta prozesu bat abian jarri nahi dugu, eta, horretarako dokumentala tresna ezin aproposagoa denez, hainbat herritan ikusteko aukera izango da». Dokumentala ikusi ondoren, hausnarketarako eta eztabaidarako tartea izango da, eta herritarrek euren iritzia eman ahalko dute. «Ondoren, iritzi horiek Foru Aldundian jasoko ditugu, eta aniztasunaren gaia gure herrian nola dagoen aztertu ahal izango dugu», dio Nanclaresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.