Euskara, ahotik ahora

Euskararen erabilera bultzatzeko, Bilboko II. Berbagunea egin dute Alondegian. 1.600 lagun bildu dira goiz eta arratsaldean, 400 pertsonako lau txandatan.

Seiko taldetan bildu zituzten parte hartzaileak, euskaraz hitz egiteko. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Hiru mintzagai Berbaguneko kideekin euskaraz aritzeko. Horixe atzo Bilboko Alondegian 1.600 lagunek izan zuten erronka. Euskararen erabilera bultzatzea eta euskaraz ikasten dabiltzanei hitz egitera animatzea da ekinbide horren helburua. Iaz egin zuten lehen aldiz, eta izan zuen arrakasta ikusita, aurten eserleku gehiago jarri dituzte. Laurehun pertsonako lau txanda antolatu zituzten. Goizez eta arratsaldez, euskara izan zen nagusi aretoan. Goizean, Bilboko ikastetxeetako eta euskaltegietako ikasleek parte hartu zuten. Arratsaldean, helduagoen txanda izan zen. Nahi zuenak zuen bertaratzeko aukera.

Txanda bakoitza 20 minutuko hiru saiotan banatu zuten, eta aurretiaz zehaztutako gai bati buruzko iritziak trukatu zituzten. Saio aldaketetan, gaia aldatzearekin batera, mahaiz ere aldatzen ziren, eta, hortaz, mintzaide berriak topatzen zituzten mahairen inguruan. Seinaka eseri eta lehen saioari hasiera eman aurretik eztarriak berotzeko, Fredi Paiarekin batera, berak prestatutako bertsoak abestu zituzten. «Hautua egin nuen/ euskara ikasteko/ gure lurraren berbaz/ adierazteko/ hartu eta emanez/ batekoz besteko/ beste begirada bat/ mundua ikusteko».

Hasieran gehienak ezagunekin eseri baziren ere, saio aldaketetan lekuz aldatu eta ezagutzen ez zuten jendearekin euskaraz harremanetan jarri eta aritu behar izan zuten, lotsa galtzeko. Politikariak, kirolariak eta artistak ere aurkitu zituzten mahaiz aldatzean. Sare sozialak, ikasketak bukatutakoan zer asmo dituzten, bidaiak, erosketak eta euskararen erabilera izan zituzten mintzagai, besteak beste.

EITBko Urko Aristi aritu zen dinamizatzaile lanetan. Mahairik mahai zebilen, «xaxatzen» eta isiluneak eteten. Aristik adierazi zuen euskaraz aritzea eta ikastea behar gisa ez ikustea dela erronka. «Hemen euskaraz egiten dute, baina garrantzitsuena, hemendik atera eta norberak bere berbagunea topatzea da, inposizio gisa ikusi gabe». Aitor Sangorniz, Berbaguneko koordinatzailearen hitzetan, «Bilbo inguru erdalduna da, eta kalean nahiz aisian ehuneko handi bat gaztelania hutsean aritzen da». Euskararen erabilera bultzatzeko Berbagunea moduko lekuak eskaintzea garrantzitsua dela dio.

«Oso aberasgarria izan da»

«Jendeak euskara zergatik eta nola ikasten duen jakiten duzu, eta hori oso aberasgarria da», esan zuen Beatriz Saezek, ekinbideko parte hartzaileak. Gabriel Aresti ikastetxetik joan ziren ikasleek ere pozik parte hartu zuten. «Klasean euskaraz aritzen gara, baina atsedenaldietan eta kuadrillan ez dugu erabiltzen. Hona etortzea gustatzen zait, euskaraz pentsatzera bultzatzen zaituelako», adierazi zuen Maria Frutos ikasleak. Ekhiñe Astorika ikasleak aitortu zuen lotsatuta ibili zela ezezagunekin euskaraz aritzeko orduan, baina eroso egon zela gerora. Saioaren hasieran botatako bertsoei heltzea dagokie orain: «Euskaldunok daukagu erantzukizuna/ bizirik mantentzeko gure ondasuna/ konstanteak bagara/ helduko da eguna/ ikusiko duguna/ Bilbo euskalduna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.