Soinekoak inspirazio iturri

EHUko Arkitekturako ikasleek aulkiak egin dituzte Balentziagaren soinekoak abiapuntu hartuta. Getarian, Balentziaga museoan daude ikusgai urtarrilaren 5era arte.

Askotariko formak eta diseinuak dituzten aulkiak daude ikusgai Balentziaga museoan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhitze Ruiz.
Getaria
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Balentziagaren lanetan oinarritutako aulkiak. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arkitekturako ikasleek egindako azken diseinuetako bat dira. Getariako (Gipuzkoa) jostunaren soinekoak hartu, eta horrek sortutako inspiraziotik abiatuta diseinatu eta egin dituzte aulkiak. Getarian, Balentziaga museoan egongo dira ikusgai datorren urtarrilaren 5era arte.

Kortxoz osatutako aulki bat, freskagarrien tapoiekin osatutako eserleku bat eta egurrez nahiz plastikoz egindako beste bat diseinatu dituzte, besteak beste, EHUk eta Balentziaga fundazioak egindako aulkiak diseinatzeko trebakuntza proiektu akademikoaren barruan. Kolore eta forma bitxietako aulkiak egin dituzte, klasikoenetatik hasi eta modernoetaraino. Amaia Casadok eta Naiara Zuazuak zuzendu dute proiektua.

Balentziaga Ezartzen proiektua, iaz egindako Balentziaga Argitzen arkitektura esperimentutik dator, hau da, Amaia Casadok aurreko ikasturtean bultzatu zuen lanaren ondorioz etorri da aurtengoa. Iazko proiektuarekin lanparak egin zituzten, eta aurtengoan eserlekuak egitea izan da Arkitekturako laugarren mailako ikasleen erronka. Aulkiak produzitu ahal izateko eserlekuen neurriak, iraunkortasuna, pisua, oreka eta azalera eduki behar izan dituzte ikasleek kontuan.

Iazko ikasturtean hasi ziren proiektu horrekin. Aukerazko ikasgai batean hasi ziren aulkiak diseinatzen, eta urte guztia eman zuten horretan. Orain, iaz egindako lana erakusten ari dira. Balentziagaren lanak ikuspegi arkitektonikotik, konstruktibotik eta kontzeptualetik aztertuta egin zituzten aulkiak ikasleek: «Lehen lauhilekoan soinekoak aztertu genituen. Soinekoen patroiak eta soineko bakoitzak zeuzkan alderdi nabarmenenak atera genituen. Horren ondoren, soineko bakoitzak sortzen zigun inspiraziotik abiatuta egin genuen aulkia», azaldu du Katrin Gonzalezek, proiektuan parte hartu duen Arkitekturako ikasleetako batek.

Soinekoaren itxura, forma eta kolore beretsuekin egin dituzte aulkiak. Lan handia egin zuten horiek egiten. Proiektuak hainbat buruhauste eman dizkiela adierazi du Gonzalezek: «Gure kasuan, proiektuaren hasieran trabatu ginen. Ideia batekin itsututa genbiltzan, eta ezin genuen aurrera egin. Azkenean, hasierako ideia hori aldatu behar izan genuen», azaldu du.

Erakusketa gunea

Eskala errealean egindako aulkiak, eta horien miniaturazko maketak ikus daitezke Balentziaga museoan. Gainera,ikasleek aulki bakoitza egiteko erabili duten prozesua ezagutzeko aukera ere badago, erabilera anitzeko gelan dauden panel batzuetan. Ikus-entzunezko bideo baten bidez ere azaldu du ikasle bakoitzak bere lana, eta hori ere erakusketan dago ikusgai. Bideoan, lana egiten izan dituzten zailtasunei, esperientziei eta une gogorrei buruzko azalpenak ematen dituzte ikasleek; baita eserlekuaren diseinuari buruzko beste zenbait argibide ere.

Aulki bakoitza nondik datorren eta jendeak aulki horien inguruan zein kuriositate izan dituen ere azaltzen dute. Esaterako, Naia Ozkorta Arkitektura ikasleak ikus-entzunezkoan azaltzen duenez, batek baino gehiagok galdetu dio ea nola jesarri behar den berak egindako eserlekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.