Eragotzitako atsedenaldia

27 saguzar espezie daude Euskal Herrian, eta horietako sei galzorian daude gaur egun. Hori saihesteko asmoz, babeslekuetan neurriak hartu dituzte Bizkaiko hiru haitzulotan.

Saguzarrak kobazulo batean atseden hartzen. JOXERRA AIHARTZA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Gaua eta iluntasuna maitedituzte saguzarrek. Azken urteetan horien inguruan eman den irudia bestelakoa bada ere, Euskal Herrian «arruntzat» jo den animalia da. Baserri zein ganbaretako bizilaguna izan da askorentzat. Guztira 27 saguzar espezie dago Euskal Herrian, eta horietako sei galzorian dauden animalien zerrendan sartu dituzte azken urtean. Horiek babesteko neurriak hartzea beharrezkotzat jo du Joxerra Aihartzak, Euskal Herriko Unibertsitateko Zoologia irakasle eta ikerlariak: «Saguzarren babeslekuetan prebentziorako neurriak hartzea beharrezko ikusten dugu». Bizkaian hasi dira neurriak hartzen. Hiru kobazulotako sarrerak erregulatu dituzte Turtziozen, Karrantzan eta Berritxun, horiek babesteko asmoz.

«Txoriez aritzea bezalakoa da saguzarrez hitz egitea, mota askotarikoak daude, bizimodu eta premia ezberdinekin», adierazi du Aihartzak. Dituzten beharrizanak babeslekuekin lotura zuzena dutela nabarmendu du. Izan ere, funtsezko osagai bat dute saguzarrek bizirik irauteko: atsedena. Eta, horretarako, leku egokiak behar dituzte, eguna eta neguko lozorroa pasatzeko. Leizeak, lurpeko guneak, arrakalak edota zuhaitz zaharrak dituzte atsedenerako gune, eta basoak ehizatzeko toki. Gizakiak eragin zuzena du horietan.

Baso saguzarrak dira galtzeko zorian dauden espezie gehienak, eta zuhaitz zaharrak dituzte babesleku: «Egun dagoen basoetako politika egurraren produkziora bideratua dago: arbola zaharrak moztu egiten dira gazteak landatzeko», aitortu du Aihartzak. Basoak «landaketa baratzeak» bihurtu direla dio, eta horrek baso naturalei kalte egiten die.

Energia gordetzea premiazko

Haitzuloetan bizi diren saguzarrak «aztoratu» egiten dituzte bisitariek, Aihartzaren ustez: «Gorputzeko metabolismoa jaisteko, lasaitasuna behar dute», gorputzeko tenperatura jaitsi eta energia aurrezten dute era horretan. Eta hori da saguzarrek bizirik irauteko gakoetako bat: energia. Intsektuz elikatzen dira, eta gutxiago dauden garaiak lozorroan pasatzen dituzte, negua kasu. Lasaitasuna behar dute energia gordetzeko. Baina gizakia kobazuloetan sartzean, asaldatu egiten dira, eta, ondorioz, energia galtzen dute. Energia galera horrek eragin zuzena du animalien iraupenean: «Kasurik latzenean, ez dira udaberrira iristen, eta, beste kasu batzuetan, iritsi arren, ez dute kumerik izateko energia nahikorik», azaldu du Aihartzak. «Izenak saguekin lotzen baditu ere, ez dute zerikusirik», adierazi du Aihartzak. Ugalketa jarri du horren adibide. Urtean kume bakarra dute saguzarrek, eta «osasuntsu edo sasoiko» daudenean soilik. Hortaz, atsedenik ez hartzeak ugalkortasunean eragin zuzena du: «Horrek epe ertain edo luzean arriskuan jar dezake saguzarren populazioa».

Saguzarren dietan ere badu eraginik gizakiak. Intsektu jaleak izanda, habitatari kalte egiten zaion heinean kalteegiten zaie animaliei ere. Pestiziden erabilera da horren adibide bat: «Aniztasuna murrizten ari gara. Intsektu jaleak diren hainbat txorirekin ere gertatzen ari da».

Bizkaiko hiru haitzuloetan hartutako neurriak lehenak direla dio Aihartzak. Baina oraindik saguzarrak babesteko lan ugari dagoela aitortu du: «Babeslekuen egoeragatik populazioak galtzen ez direla bermatu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.