Bizkaiak ere badu txotxa

Negu giroan ekin diote Bizkaiko txotx sasoiari, Zornotzan, Uxarte sagardotegian. Aurtengo sagardoa kolore bizikoa eta zapore mingotsekoa da.

Sagardo ekoizleak eta Alex Txikon, Bizkaiko sagardo sasoiaren aurkezpenean topa egiten. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Euritan eta baserri giroan ekin zioten atzo Bizkaiko sagardo sasoiari. Zornotzako Uxarte sagardotegia aukeratu zuten ekitaldirako, eta Alex Txikon mendizale lemoarra izan zen garaiko sagardoaren inaugurazioaren arduraduna. Upelak zabaldu eta txotx egin aurretik, Jose Antonio Zamalloa Bizkaiko Sagardogileen Elkarteko lehendakariak egin zuen aurtengo sagardo uztaren aurkezpena: «Hori kolore bizia du, eta apar fina du zerbitzatzeko orduan. Freskoa eta erraz edatekoa da aurtengo sagardoa, zapore mingotsekoa». Elkartea osatzen duten hamar sagardogileak elkartu ziren sasoiari ongietorria egiteko.

Laurehun urte baino gehiago dituen Uxarte baserriaren aterpean lekua hartu ezinik aritu ziren atzo han bildutakoak, negu giroko euriaz eta hotzaz babestu nahian. Barruko sagardo upelen epeltasunera eta sagardotegiko jakiz beteriko mahai inguruetara noiz sartuko zain zeuden gehienak. Txikon arduratu zen denboraleari alaitasuna jartzeaz: «Goiz zoragarria dago, neguan euria egin behar du uda berdea ikusteko». Pozik azaldu zen txotx egiteko ardura eman ziotelako: «Badirudi gipuzkoarrek aurrea hartzen digutela, baina Bizkaian ere bagabiltza». Mendi abenturetatik jaitsita, tarte bat hartu zuen atzo Bizkaiko sagardoa probatzeko eta mendi magaletara bueltatu aurretik hamaiketako on bat hartzeko. Adierazi zuen «enbaxadore» izatea «ohore bat» dela beretzat: «Bizkaian hamar ekoizle eta upategi izatea goraipatzekoa da, are gehiago bertako sagarrekin egindakoa dela kontuan hartzen badugu».

Lurraldekoa eta kalitatezkoa

150.000 litroko ekoizpena izan da aurten. Zamalloak aitortu zuen 2013ko sagar uztan udaberrian izandako eguraldi aldaketek eragin handia izan duela. «Maiatzeta ekaineko hotz eta hezetasunak sagar loreak hondatu egin zituen», adierazi zuen. Fruitu berantiarretan eragina izan du horrek, errezil sagarra galtzea ekarri baitu. Dena den, eguraldi arazoak gainditu eta jaso dituzten sagarrak «osasuntsuak» eta «kalitate onekoak» direla adierazi zuen Zamalloak: «Bizkaiko baserrietako sagar onenekin eta era tradizionalean egindako sagardoa da aurtengoa».

Behin eta berriz nabarmendu zuen sagardoa egiteko erabiltzen dituzten sagarrak hemengoak direla. Eta hemengo sagarrari balioa ematea nahi dute: «Kalitatezko produktua izanik, sagardoa lurraldearen irudi bihurtzeko asmoa dugu, baita euskal turismoaren erakargarrietako bat ere». 1994an sortu zen Bizkaiko Sagardogileen Elkartea, eta ordutik Bizkaiko sagardotegia ezagutzera emateko lanetan aritu da. Urtez urte produktuaren kalitatea handituz eta ingurumenarekiko eta baserriekiko errespetua «mantentzen» eta «sustatzen» aritu direla adierazi zuen Zamalloak.

Upelen inguruan bukatu zuten aurkezpena atzo. Sasoiko sagardoaren azalpenak egiaztatzeko erarik onena horixe baita: edaria dastatzea. Bakailao tortilla eta txistorra ez ziren falta izan. Hotzak uxatzeko salda beroa edatea nahiago izan zuenik ere bazegoen. Eman diote hasiera sasoiari. Gaurtik aurrera sasoiko eta tokiko sagardoa dute bizkaitarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.